Ekonomia -
Ez dute auzitara joko
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kostaldeen Legea adostu dute
Gobernuak errespetatu egingo ditu EAEk itsasbazterra babestu eta horren erabilera jasangarria bultzatzeko lurralde antolaketa, hirigintza, etxebizitza eta ingurumen alorrean dituen eskumenak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kostaldeen Legeari buruzko ituna egin dute, eta, hortaz, ez dute Konstituzio Auzitegira joko. Sei hilabeteko negoziazioaren ondoren etorri da akordioa.
Horrela, auzitan zeuden artikuluak interpretatzeko irizpideak adostu eta finkatu dituzte bi administrazioek.
Espainiako Gobernuak errespetatu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoak itsasbazterra babestu eta horren erabilera jasangarria bultzatzeko lurralde antolaketa, hirigintza, etxebizitza eta ingurumen alorrean dituen eskumenak.
Espainiako Gobernuak soilik esku hartu ahal izango du interes orokorra larri urratzen denean.
Itunak garbi utzi du, halaber, Estatuak ezin duela ezikusiarena egin Euskal Autonomia Erkidegoak bere ingurumena, hirigintza eta kostaldea antolatzeko dituen eskumenen aurrean.
Ituna Josu Erkoreka Justizia sailburuak eta Cristobal Montoro ministroak sinatu dute, eta laster EAEko eta Estatuko Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da.