Ekonomia -
550 langile
Bizkaiko anbulantziek greba mugagabeari ekingo diote gaur
Egin egingo dute, nahiz eta patronalaren eta sindikatuaren arteko negoziazioak hasiko dituzten, "greba bertan behera uzteko baldintzetan" ez daudelako.
Erredakzioa
Bizkaiko anbulantzien sektoreko langileek greba mugagabeari ekingo diote gaur, astelehena, probintzia mailako lan-hitzarmena dela eta, patronalaren eta sindikatuaren arteko negoziazioak hasiko dituzten arren.
Greba LSB-USO sindikatuak bultzatu du, sektorean gehiengoa duelako, baina ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.
Sindikatuak enpresen ordezkaritza batekin bildu ziren aurreko ostiralean, Lan Harremanen Kontseiluko Bilboko egoitzan, eta gaur bertan berriro biltzea adostu zuten, bitartekari bat izendatzeko eta hitzarmenari buruzko negoziazioei heltzeko.
Halere, LABetik esan dutenez, nahiz eta negoziazioek jarraituko duten, greba egin, egingo dute, "greba bertan behera uzteko baldintzarik ez dagoelako", baina positibotzat jo dute enpresak negoziazio mahaiarekin "berriro bat egitea" erabaki izana.
550 behargin daude lanean Bizkaiko anbulantzien sektorean, eta Ambuibérica eta Ambulancias Bizkaia AEE (aldi baterako enpresa elkartea) dira bertan enpresa nagusiak.