Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Gero eta emakume gehiago, euskal autonomoen artean
Krisiak eraginda, emakumezkoen presentzia handitu egin da, eta langileen % 37,7 dira jada bertan.
Erredakzioa
Autonomoen Elkarte Profesionalak martxoaren 8ko ospakizunekin batera emakumeek langile autonomoen artean duten presentziari buruzko datuak argitaratu ditu. 2013ko azken lauhilekoan Euskal Herrian 148.400 autonomo zeuden, eta horietatik 55.900 (% 37,7) emakumeak ziren, eta 92.300 (% 62,3), gizonezkoak.
Elkarte honen iritziz, krisiak bultzatuta emakume gehiago batu dira langile autonomoen kolektibora. 2012ko azken lauhilekoan, talde horretako langileen % 34,5 ziren, eta urtebete geroago % 37,7 dira; 3,2 puntu gehiago.
María José Landaburu Langile Autonomoen Elkarte Profesionaleko idazkari nagusiak azaldu duenez, emakumeak "erantzukizunak edukitzera eta arriskua bere gain hartzera ohituta daude, eta hobeto daramatzate ekintzaileen ardurak".
Autonomoen kopuruak zerbitzuen sektorean egin du gora gehienbat, eta alor horretan emakumeak presentzia handia du; horregatik emakumeen gorakada hori. Eraikuntzan, garraioan eta produktu manufakturatuen industrian, gizonezkoak gehiago diren sektorean, berriz, jaitsi egin da emakumeen kopurua.