Ekonomia -
Krisia
BBVA: 'Espainiak azeleragailua sakatu behar du susperraldia lortzeko'
Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak "autokonplazentzian" ez erortzea, Estatuaren esku dauden kutxak pribatizatzea eta ustelkeriari aurre egitea eskatu du.
Erredakzioa
Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak esan du Espainia "susperraldiaren bidean" dagoela eta "azeleragailua sakatzeko" unea dela, "haizea alde daukagula ikusita".
Gobernu zentrala prestatzen ari den erreforma fiskalaren harira, "autokonplazentzian" ez erortzeko eskatu du eta, enplegua sortzeko, "kotizazioak jaistea" defendatu du.
BBVAk akziodunen batzarra dauka gaur Bilbon, eta bilera hasi aurretik egin ditu adierazpenok Francisco Gonzalezek.
Finantza-sistemari dagokionez, "aurrerapen asko" izan dela esan du, baina, kreditua handitzeko, Estatuaren esku dauden aurrezki-kutxak "ahalik eta azkarren pribatizatzea garrantzitsua" dela azpimarratu du.
Ustelkeria
Bestalde, ustelkeria eta "jarduera okerrak" herritarren bigarren kezka nagusi bilakatu direla gogora ekarri eta horren aurka "borroka" egitea eskatu du.
"Ustelkeria gutxi batzuen mesederako da eta gizartearen kalterako, aurrerapena eta aberastasuna sortzea oztopatzen duelako", azaldu du.
Amaitzeko, berrikuntzaz hitz egin du, eta esan du urteetako lanaren ondorioz BBVA "banku analogiko handi bat izatetik banku digital handi bat izatera" igaro dela.
"Munduko bankuen buruan gaude. Bilbon 1857an sortutako bankua gara eta mugimendu berria Bilbotik bertatik ari gara zuzentzen", erantsi du.