Ekonomia -
861 langile
Telemadrideko Erregulazio Espedientea bidegabea da, Gorenaren ustez
Magistratuek berretsi egin dute Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, kalte-ordain gisa ezarritako kopuruak bidegabekotzat jo, eta urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina ezarri zituena.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak esan du Telemadrideko Lan Erregulazio Espedientea bidegabea dela. Prozesu horretan 861 kaleratu zituzten.
Magistratuek berretsi egin dute Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, kalte-ordain gisa ezarritako kopuruak bidegabekotzat jo zituena, eta lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina ezarri zuena.
Gorenak enpresak berak eta CCOO, UGT eta CGT sindikatuek aurkeztutako helegiteak baztertu ditu horrela. Azken horien eskakizunen arabera, kaleratzeak baliogabetzea nahi zuten, baina Gorenak ez du eskaera onartu. Horrela, Telemadrid ixtea ekidingo dute; izan ere, katearen zuzendaritzak esan zuen Auzitegiak beste era bateko erabakia hartzen bazuen enpresa itxi beharko zutela. Duela zenbait hilabete, Ignacio Gonzalez Madrileko presidenteak esan zuen Justiziak EREa baliogabetzen bazuen kate publikoa itxi beharko zuela, gastuei aurre egiteko gaitasunik izango ez zutelako.
Erregulazio Espedienteak kaltetutako 300 langile inguru bildu dira asteazken honetan Auzitegi Gorenaren sarreran protesta egiteko, eta Auzitegiaren epaiarengatik suminduak daudela adierazi dute.
Bideragarritasuna bermatzen du
Salvador Victoria Gobernuko Presidentetza eta Justizia kontseilariak esan duenez, Auzitegi Gorenaren epaiak Telemadriden "etorkizunaren bideragarritasuna bermatzen" du "kanal publiko moduan".
"Auzitegi Gorenaren epaia berri ona da madrildarrentzat, Telemadriden etorkizuneko bideragarritasuna bermatzen duelako telebistako kate publiko moduan", nabarmendu du, komunikabideen aurrean.
Bestalde, Madrilgo Prentsa Elkarteak Ignacio Gonzalez Madrilgo Komunitateko presidenteari Telemadriden jarraitasuna ziurtatzea eskatu dio, Auzitegi Gorenaren epaiaren ostean.