Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Pisuen kuotak ordaintzen ez dituzten bankuak ikertzeko eskatu dute
PSE-EEren proposamenaren puntu batzuk onartu dituzte gaurko osoko bilkuran, EH Bildu eta UPyDren botoekin batera. EAJk eta PPk, berriz, kontrako botoa eman dute.
Erredakzioa
Etxebizitzen kuotak ordaintzen ez dituzten bankuei zorrak “berehala” ordaintzeko eskatu die gaur Eusko Legebiltzarrak, jabeen erkidego ezberdinek eraikinetan egin beharreko lanak egin ahal izateko.
Legebiltzarreko osoko bilkuran, PSE-EEren ekimen bat eztabaidatu dute gaur goizean. Proposamenaren puntu batzuk onartu dituzte, EH Bildu eta UpyDren botoekin batera. EAJk eta PPk, berriz, kontrako botoa eman dute.
Onartutako puntuetan, kuotak ordaintzen ez dituzten bankuei buruzko ikerketa hasteko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Zorrak dituzten bankuen zerrenda egitea eta ondoren zorrak kobratzeko plana lantzea eskatu dute taldeek.
Onartu ez diren puntuen artean, Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari “beharrezkoak diren neurriak butza eta onar ditzala” eskatu behar zion, “jabekideen erkidegoak azken kontsumitzaile gisa katalogatzeko”. “Hartara, ez zaizkie tasa judizialak aplikatuko ez ordaintzeak berreskuratzeko prozesuetan”.
Horrez gain, sozialistek proposatu zuten Jabetza Horizontalari buruzko Legeari dagokionez “behar diren lege-erreformak” egitea, baina taldeek ez dute puntu horrekin ere bat egin.
Bixen Itxaso sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoko jabetza horizontaleko araubidepeko etxejabekideen elkarteekiko finantza-erakundeek sorrarazitako zorraren kuantifikazioari buruzko txostena ezagutu ondoren aurkeztu zuen proposamena.
Ekimen horren helburua, jabekideen erkidegoen “urgentziazko erantzuna” ematea zen, “ikusten ari baitziren gero eta handiagoak egiten ari zirela banku-erakundeek beraiekin zituzten zorrak, izan ere, finantza-erakundeek ez zituzten ordaintzen gastu arruntei aurre egiteko dagozkien partaidetza-kuotak, ezta edozein birgaitze- edo hobetze-proiekturi ekiteko gastuei dagozkienak ere”.
Txosten horren arabera, Euskal Herrian bankuen berankortasuna Estatuko batez-bestekoaren gainetik dago, guztizkoaren % 17ra iristen dela, hau da, 2012an 12 milioi euro izan direla, Euskadiko jabekideen erkidegoetan 63 milioi euroko zorra zenbatu dela kontutan hartuta.