Ekonomia -

Kutxabank

Euskal kutxen bateratzerako akordioa apurtutzat eman du

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak kritikatu dutenez, Kutxabank sortzeko adostu zituzten baldintzak ez dira bete.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Artxiboko irudia
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Fusiorako akordioa, hautsita

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak apurtutzat eman dute Kutxabanak sortzea ahalbidetu zuen euskal kutxen bategiterako akordioa, "orduan ezarritako baldintzetako bakar bat bera ere ez delako bete".

Bi agintariek agerraldia egin dute Foru Jauregian, Kutxako egungo kudeatzaileek euskal kutxen bateratzerako akordioan zehaztutako baldintzak bete ez dituztela salatzeko.

Horrez gain, bi erakundeetako zerbitzu juridikoak Kutxabanken pribatizazioaren inguruko txostena prestatzen ari direla jakinarazi dute, "gipuzkoarren ondasuna dena pribatizatzea ekiditeko asmoz". Gainera, Xabier Iturbe Kutxako presidenteari bilera eskatuko diote, egoera honen aurrean euren kezka agertzeko.

Gauzak horrela, bategiteari oniritzia emateko Bilduk jarri zituen hiru baldintzak (Gizarte-ekintza mantentzea; langileei EAEko edo Estatuko lan-harremanen markoen artean aukeratzen uztea; eta kutxak ez pribatizatzea) bete ez direla azaldu dute. Horrenbestez, "Kutxabank sortzeko akordio politikoa hautsita dago", azpimarratu dute.

Gizarte-ekintzari dagokionez, zenbait egitasmo pribatizatzeko "mugimenduak" izan direla kritikatu dute, eta Institutu Onkologikoaren kasua aipatu dute adibide moduan. Era berean, Tabakalera, Inbiomed, Kursaal edo Victoria Eugenia bezalako proiektuei zuzendutako laguntzak jaitsi egin dituztela ekarri dute gogora.

Horrez gain, Kutxabankek beste baldintza batzuk urratzen dituela salatu dute, hala nola, etxegabetzeak gauzatzen jarraitzen duela, IRPH hipoteka-indizea aplikatzen duela eta Gipuzkoako familiei eta enpresei krediturik ematen ez diela.

Martin Garitanok ohartarazi du Kutxabank bere pribatizazioa prestatzen ari dela, eta horregatik zerbitzu juridikoak lanean ari dira ze neurri har daitekeen aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea