Ekonomia -
Laneko Segurtasunaren Eguna
Urtero munduan 2,3 milioi lan-istripu izaten dituzte langileek
Erakundeen arabera, iaz 46 pertsona hil ziren lan-istripuz Hego Euskal Herrian. ELA sindikatuak, berriz, 13 hildako gehiago zenbatu ditu.
Erredakzioa
Gaur, Laneko Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte, enpresa eta erakundeei lan-istripuak eta gaixotasunak saihesteko neurri "eraginkorrak" eskatzeko.
Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, urtero munduan 2,3 milioi pertsonak pairatzen dituzte lan-istripuak edo gaixotasunak.
Erakundeen arabera, iaz 46 pertsona hil ziren lan-istripuz Hego Euskal Herrian. ELA sindikatuak, berriz, 13 hildako gehiago zenbatu ditu.
Sindikatu horren arabera, lan-istripuen kopuruak behera egin du azken urtean Hego Euskal Herrian, baina ez segurtasuna hobetu delako, "prekarietatea handiagoa delako" baizik.
Radio Euskadin, Izaskun Urien Osalaneko zuzendari orokorrak Jaurlaritzak langileen "ongizatearen alde" egindako apustua nabarmendu du, eta intzidentzia-tasak 2000. urtetik hona behera egin duela gaineratu du.
Bestalde, bajak kudeatzeko, enpresei zerbitzu publikoen bidez egin ahal izateko aukera ematea eskatu die Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.Donostian egindako elkarretaratzean, LABeko buruak iaz Hego Euskal Herrian hil ziren 55 beharginak gogoratu ditu. 2014ko lehenengo lau hilabeteetan beste 16 pertsona hil direla azpimarratu du Etxaidek.Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak lan segurtasunaren arloan "murrizketa" gehiago ez egiteko eskatu du, EAEko langileak Estatu mailan istripu gehien izaten dituztenen artean daudela gogoratuz. UGTko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilboko Moyua Plazan. Unai Sordo CCOO-Euskadiko burua Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu zaio. Eragile sozialekin "elkarlanerako esparrua" ireki nahi duen ala ez argitzeko eskatu dio Sordok Urkulluri.