Ekonomia -
Industrializazio Plana
Industria berpizteko Plana onartu du Jaurlaritzak, 575 milioirekin
Jaurlaritzak onartu duen planak bost ardatz nagusi izango ditu: enpresa txiki eta ertainen finantzazioa, egitasmo handien bilaketa, eskulana, energia eta giza kapitala.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du datozen bi urteetarako Industrializazio Plana. Guztira, 575 milioi euro bideratuko ditu Urkulluren Gobernuak industria bultzatzera.Industria EAEko ekonomiaren "funtsezko oinarria" izaten jarraitzea da plan horren helburu nagusia, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan.
Krisia hasi zenetik, euskal industriak BPGn duen pisua lau eta bost puntu artean galdu ditu. Hala ere, oraindik pisu hori % 25ekoa da.
Industria Planaren arabera, Jaurlaritzak arazoak dituzten enpresei ez desagertzko finantziazioa lortzen eta berregituratzen lagunduko die. Helburua, "etorkizuna duen enpresa bakar bat ere ez desagertzea", Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren hitzetan.
Lehendakariak azaldu duenez, erronka da industriak sortzen duen lanpostu bakoitzetik 2 eta 5 artean sortzea gainontzeko jardueretan.
Egoera zailetik pasatzen ari diren enpresei babesa emateko eta industria aurreratu batera egiteko neurriak aipatu ditu Urkulluk. "Lehiakortasuna eta lana Euskadin gelditzeko" lanean ari direla aitortu du.
Plan honekin, Eusko Jaurlaritzak ekonomia sustatzeko martxan jarri dituen planarekin amaitu du eta hazkunderako jarri dituzten oinarriak "sendoak" direla gaineratu du.
Planak nahi duena da euskal enpresek lehikortasuna irabaztea. Horrez gain, giza kapitala hobeto prestatzea ere jasotzen da, baina langileen parte hartzea enpresetan indartzea ere.
Jaurlaritzak onartu duen planak bost ardatz nagusi izango ditu: enpresa txiki eta ertainen finantzazioa, egitasmo handien bilaketa, eskulana, energia eta giza kapitala.
Helburu horietarako, 575 milioi euro inbertituko ditu Eusko jaurlaritzak 2014tik 2016ra bitartean, EAEko industri sarea berpizteko.
Plangintza berri horri esker, urtean beste 1.200 milioi mugitu nahi dute industria alorrean, finantziazio laguntza eta berme programei esker.”Bideratu berria” deitu dio Jaurlaritzak enpresei diru laguntza emateko plan berriari eta aurkeztu baino lehenago Europako agintariekin adostu dute arautegi honen legaltasuna enpresek marko juridiko egonkorra izan dezaten.