Ekonomia -
Zestoako lantegia
TS Fundicioneseko langileek itxialdia bertan behera utziko dute
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, langileek protesta bertan behera utziko dute ostegun honetan, 08:00etan. Arroa auzoko lantegitik aterako dira eta agerraldi publikoa egingo dute.
Erredakzioa
Lanpostuak defendatzeko egiten ari diren itxialdia ostegun honetan bertan behera utziko dute TS Fundiciones konpainiako langileek. Langileek itxialdia asteartean hasi zuten Zestoako (Gipuzkoa) lantegian, Arroa auzoko fabrikan.
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, langileek protesta bertan behera utziko dute ostegun honetan, 08:00etan. Arroa auzoko lantegitik aterako dira eta agerraldi publikoa egingo dute, 156 lanpostuen deuseztapena salatzeko.
Bestalde, TS Fundiciones-eko langileen ordezkaritzarekin biltzeko "data, ordua eta tokia zehazteko" eskatu dio ELA sindikatuak Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuari.
Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, langileen ordezkaritzak "denbora asko" darama Tapiari bilera bat eskatzen, "lantegia ixtea saihesteko, egitasmo industriala aztertzeko; izan ere, enpresa ixtea Urola Kostako eskualdearen industriarentzako porrot berri bat izango litzateke".
Asier Lizaso LABeko ordezkariak Euskadi Irratian zehaztu duenez, Maiatzaren 1a dela aprobetxatuz "omenaldi txikitxo" bat egin nahi diete eskualdeko langileek, eta horregatik TS Fundicioneseko langileek itxialdia bertan behera uztea erabaki dute batzarrean.
Lizasoren hitzetan ,"gure kabuz eta modu baketsuan lantegitik aterako gara, batzuk Bilboko manifestaziora (ELA) joateko, eta beste batzuk Zarautzera (LAB) joateko".
Tapiarekin bilera egiteko hitzordurik ez dutela berretsi du LABeko ordezkariak, eta sailburuari bilera deitzeko eskatu dio: "Langileak han izango gara duintasunez hitz egiteko".