Ekonomia -

Opor fiskalak

Gipuzkoak ez du beharrezkotzat ikusten Finantzen Kontseilua deitzea

Garitanok ohartarazi du “oso ondo” aztertuko dutela Finantzen euskal Kontseiluaren balizko bilera batera “joan ala ez”, batez ere “aurretik akordiorik ez badago”.

Garitanok berriro esan du EAJk arduragabekeriaz jokatu zuela

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du beharrezkotzat jo Europar Auzitegiak ezarritako 30 milioi euroko isuna nork ordainduko duen erabakitzeko Finantzen euskal Kontseiluaren ez ohiko bilera bat deitzea.

Donostian egindako agerraldian, Garitanok ohartarazi du “oso ondo” aztertuko dutela Finantzen euskal Kontseiluaren balizko bilera batera “joan ala ez”, batez ere “aurretik akordiorik ez badago”.

Martín Garitanoren hitzetan, EAJ, PP eta Confebasken ardura da Europak ezarritako 30 milioi euroko isuna ordaintzea, “nahita” atzeratu zutelako opor fiskalen berreskuratzea.

Horrenbestez, isunaren banaketaren inguruan “zirko mediatikorik” ez duela egin nahi gaineratu du, eta hainbeste urte luzatu den auzi baten aurrean, ez du arazorik ikusten urrira arte itxaroteko (Finantzen euskal Kontseiluaren ohiko batzarra egin arte).

Herritarren aurrean euren ardura politikoa aitortzeko eskatu die Garitanok EAJ, PP eta Confebaski. Aldundiaren iritziz, laguntzen berreskurapena atzeratuz, "herritarrak kaltetu zituzten", baita enpresak ere.

Aldundiak azpimarratu du laguntza guztiak berreskuratu dituela eta enpresa bakar bat ere ez dutela itxi behar izan horren eraginez.

'Ordaintzeko modua Legebiltzarrak erabaki dezala'

Bestalde, 30 milioi euroko isuna nola ordaindu Legebiltzarrak erabaki desala eskatu du EH Bilduk.

Horren harian, alderdi abertzaleak legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizen lehenbailehen izapidetzeko.

Halaber, isunaren % 70 Jaurlaritzak eta gainontzeko % 30a aldundiek ordaintzeko proposatu dute, Ekarpenen Legeak jasotako koefizienteen arabera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea