Ekonomia -
Deskargan gertatu zen
Jakinarazi ez zuten lan-istripu baten berri eman du Bidegik
Maiatzaren 16an, GI-632 errepideko lanetan, Deskargan, gertatutako ezbeharraren berri eman dio elkarte publikoak Lan Ikuskaritzari, Gipuzkoako Aldundiak ziurtatu duenez.
Erredakzioa
Maiatzaren 16an, GI-632 errepideko lanetan, Deskargan, gertatutako lan-istripu baten berri eman dio Bidegi elkarte publikoak Lan Ikuskaritzari. Obretako arduradunek ez zuten ezbeharra jakinarazi, Gipuzkoako Aldundiak ziurtatu duenez.
Lanetako arduradunek gertatutakoa zergatik ez zuten jakinarazi ikertzeko eskatu dio Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzari. Gipuzkoako Aldundiaren hitzetan, "ezbeharra izan zuen makinak arazo bat zuela bazekiten, baina ez zuten konpontzeko ezer egin".
Bidegik iragan asteartean izan zuen gertakarien berri. Elkarte publikoko arduradun bat GI-632 errepideko obretara joan zen, Antzuola-Urretxu tartean. Ohiko kontrolak egitera joan zen.
Maiatzaren 16an gertatutako lan-istripua jakinarazi zioten orduan, nahiz eta bide ofizialetatik informaziorik ez jaso. Obrako zuzendaritzaren (Eptisa) Segurtasun eta Osasun arduradunari gertatutakoaren txosten bat eskatu zion egun horretan bertan.
Bidegik sindikatuei eta Lan Ikuskaritzari gertakarien berri asteazkenean eman zien. Era berean, lan istripua ikertzeko eskatu dio Lan Ikuskaritzari.