Ekonomia -
BEC-en kreditu berria
Barakaldoko alkateak ez du BECen 150 milioiko kreditua babestuko
"Eragiketa honen kostu totala jakin gabe", eta "gardentasun faltagatik", kreditu berria ezin duela onartu adierazi du.
Erredakzioa
Alfonso García (PSE) Barakaldoko alkateak BECen 150 milioi euroko kreditu berria ez duela babestuko iragarri du. Akziodun nagusien, Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren, "gardentasun" falta dagoela argudiatu du bere erabakia azaltzeko.
Azokaren aholkulariek, tartean Barakaldoko alkatea, 2027a bitarteko kreditu bat eskatzeko gutuna jaso dute. Garciak ohar batean adierazi duenez, "bilera bateko prozedura gutun baten bidez bideratu da, legeak larrialdi egoeran onartzen duen baliabide adiministratibo horren bidez".
Erabakia hartzeko eman dieten informazioan "kreditu horren interes-tasa ez dute argitu", gaineratu du, eta, ondorioz, "ezin da jakin 150 milioi euroez gain guztira zenbat ordainduko den".
"Ezin dut honelako eragiketa bat babestu, nahiz eta kasu honetan Udalak ez duen inolako arriskurik hartuko kreditua Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatuko dutelako. Hala ere, agintari publikoek diru publikoaren erabilera egokia bermatu behar dugu. Hauek zerga bidez eskuratzen dira, eta ezin da kreditu hori ona edo txarra den baloratu interes-tasa zein izango den jakin gabe", azaldu du.