Ekonomia -
Metalaren lan-hitzarmena
Adegik ez du metalari buruz negoziatuko Gorenaren ebazpena izan arte
Gipuzkoako patronalak ez du sindikatuekin metalaren lan-hitzarmenaren inguruko negoziaziorik irekiko, Auzitegi Gorenak hitzarmen horren inguruko ebazpena jakinarazi arte.
Erredakzioa
Gipuzkoako patronalak ez du sindikatuekin metalaren lan-hitzarmenaren inguruko negoziaziorik irekiko, Auzitegi Gorenak hitzarmen horren inguruko ebazpena jakinarazi arte. Izan ere, metalaren hitzarmena indarrean dagoen ala ez erabaki beharko du horrek.
Enpresaren Egunean eta Adegiren urteroko batzarrean, Jose Miguel Ayerza idazkari nagusiak esan du Gipuzkoako patronalak ez duela inoiz "negoziatzeko duen bokazioa" baztertuko. "Gure betebeharra da, eta deitzen gaituzten tokietara joango gara, beti egin dugun modura", adierazi du.
Hala ere, metalaren auzian, "zuhurtziaz" jokatuko dutela nabarmendu du. Horrenbestez, Auzitegi Gorenak ere erabakia hartzen ez duen bitartean ez du negoziazio prozesurik irekiko sindikatuekin.
Ayerzak gogoratu duenez, patronalak metalaren alorreko enpresei zenbait "gomendio" igorri zizkion iazko ekainean, eta sindikatuek epaitegira jo zuten, metalaren lan-hitzarmena indarrean mantentzeko eskatuz.
EAEko Justizia Auzitegiaren arabera, Adegik egindako gomendio horiek "zuzenbidearekin bat datoz" eta ez zen gaiaren "muinean" sartu.
"Ebazpena ikusita, sindikatuek Auzitegi Gorenera jo zuten, eta Gipuzkoan zain gaude orain, lan-hitzarmena indarrean dagoen ala ez jakiteko", azaldu du.