Ekonomia -
Arabako diputatua
CCOOk Marta Alaña salatu du diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik
Sindikatuak Gizarte Zerbitzuetarako diputatuaren aurka salaketa aurkeztu du Gasteizko epaitegietan. Enpresa pribatu bateko kaleratzeen kostua ustez diru publikoarekin ordaintzeagatik salatu dute.
Erredakzioa
Marta Alaña Arabako Gizarteko Zerbitzuetarako diputatuaren aurka salaketa aurkeztu du CCOO sindikatuak Gasteizko epaitegietan. Diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen diote. Enpresa pribatu bateko kaleratzeen kostua ustez diru publikoarekin ordaintzeagatik salatu dute.
CCOO sindikatuak eta Gasteizko Bideberri zentroko langileen enpresa-batzordeak salaketa aurkeztu dute Arabako hiriburuko epaitegietan. Bideberri zentroa Arabako Aldundiaren baliabide bat da, baina kudeaketa pribatua du. Adingabe atzerritarrak artatzen ditu zentroak.
Marta Alaña Arabako diputatuordea da, eta Gizarte Zerbitzuetarako Departamentua zuzentzen du.
Andoni Basterra CCOO sindikatuko ordezkariak prentsaurrekoa eman du enpresa-batzordeko kideekin batera. Salaketaren nondik norakoak azaldu dituzte.
CCOOko buruzagiak azaldu duenez, salaketa aurkeztu eta gero epaileak erabaki beharko du onartu ala ez.
Arabako Aldundiak ez du gaur salaketaren inguruko adierazpenik egin, baina ostegun honetan prentsaurrekoa deituko du Marta Alañak bere bertsioa emateko.