Ekonomia -
Audientzia Nazionala
Caixa Penedèsko buru ohiak, kondenatuta legez kanpoko jubilazioengatik
Auzitegi Nazionalaren ustez, jokabide "maltzur eta gaiztoa" izan zuten, baina gaizki egindakoa zuzendu dutela modu irregularrean jaso zituzten 28,6 milioi euroak itzuliz.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela-zigorrera kondenatu du Ricard Pagès Caixa Penedèseko zuzendari nagusi ohia eta urtebeteko kartzela-zigorrera beste hiru zuzendaritzako kideri. jokabide "maltzur eta gaiztoa" izan zutela adierazi dute, baina gaizki egindakoa zuzendu dutela modu irregularrean jaso zituzten 28,6 milioi euroak itzuliz.
Jose Maria Vazquez Honrubia epaile nagusiak epaia aurreratu du Pagèsek, Joan Caellasek, Santiago Abellak eta Manuel Troyanok gertakariak onartu dituztenean eta jasotako dirua itzuliko dutela iragarri dutenean.
Vazquez Honrubiak fiskalaren kriterioaren aurka hartu du erabakia: 3,5 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen Pagèsentzat eta hiru urtekoa gainontzeko akusatuentzat, beraien onarpenak fiskalak "arrazoi zuela" frogatzen baitu. Administrazio eta kontrolerako organoei iruzur eginez aseguru polizak jaso zituzten. Jokabide "maltzur eta gaiztoa" izan zutela aitortu du epaileak eta "iruzurren bidez" eta entitatearen organoak baztertuz, banku-buru ohiek beraien interesak jarri zituzten "gizartearenen gainetik". Halere, aringarri bat dagoela uste du: gaizki egindakoa zuzendu dutela eta gertakariak onartu dituztela.
Horrela, administrazio desleial delituagatik kondenatu ditu eta ez bidegabeko jabetzeagatik, fiskalak eskatu zuen legez. "Ordena juridikoa berreskuratzen da eta biktimek ordainak jaso dituzte, horregatik legea gailendu da eta horrek ezarritako zigorra gutxiagotu du", azaldu du epaileak. Aringarria goraipatu du, gainera: "oso arraroa da horrelako kasuetan gaizki egindakoa zuzentzea", aitortu du.