Ekonomia -
Telekomunikazioak
Euskaltelek Euskadin haztea lehenetsiko du, erosketak baztertu gabe
Hiru ekimen jarriko dituzte martxan gutxi barru: banda-zabalera handitzea, etxeko ordainpeko telebista edonon ikusteko aukera eta "euskal wifia".
Pedro Garcia Larragan
Euskaltel munduko hiru konpainia garrantzitsuenekin negoziatzen ari da, sare-zerbitzua kanporatzeko eta euskal konpainiarentzat teknologia-inbertsioa egitea. Ericsson suediarra, eta Huawei eta ZT txinatarrak dira. 130 langile izango lirateke, orain arte sistemen zerbitzuan gertatzen den 30 langileen moduko eskemarekn: Euskaltelen bertan duten lan-baldintza eta mantentze garantia berak. Izan ere, konpainia horretarako lanean jarraituko luke, Zamudion, bertan baitu egoitza.
Gainera, Euskaltelek interesa du R Galicia eta Telecable Asturias operadoreetan. Penintsula iparraldeko bi konpainia dira eta horiek erosteko aukera ere badago, baldintza egokiak emango balira. Ez dago larritasunik, ezta beharrik ere. Euskaltelek bakarrik jarraitu dezakeela adierazi du eta bere lehentasuna Euskadin haztea dela.
R Galicia eta TeleCable asturiarrak erosteko operazioa aurrera eramateko bi premisa eman beharko dira: Euskaltelek ez duela ezer saltzen eta salneurrian beherapen bat izatea. Bestela, dauden moduan jarraituko dute. Alberto Garcia Erauzkin konpainiako presidenteak esan duenez, momentu onean daude eta horren adierazle da gutxi barru Orange frantziarrarekin izan zuten auziagatik jarri zioten isunaren azken zatia ordainduko dutela.
Euskaltelen lehentasuna euskal merkatua da. Liderrak dira hainbat segmentutan. Hiru ekimen berri jarriko dituzte martxan gutxi barru: banda-zabaleraren handitzea, etxeko ordainpeko telebista edonon ikusteko aukera ("tv everywhere" deritzona) eta 'euskal wifi'a, hau da, wifia euskal hiriburu nagusietan etxean kontratatutako salneurri berean eskuratzeko aukera. Ekimen horiek martxan ipintzeko, 50 milioi euro inbertituko ditu Euskaltelek, iaz lortutako irabaziak, hain zuzen ere.