Ekonomia -
Langabeziaren aurkako borroka
Jaurlaritzarentzat diharduten enpresek langabeak kontratatuko dituzte
Horrela, Eusko Jaurlaritzarekin kontratua duten enpresek "konpromisoa" hartu beharko dute. Langile berrien % 20 "lana aurkitzeko zailtasunak" dituzten langabeak izango dira.
Erredakzioa
Kontratatzen dituen enpresetan langile berrien % 20 langabeak izateko "konpromisoa" eskatuko die Eusko Jaurlaritzak konpainiei. "Lana aurkitzeko zailtasunak dituzten" langabeak izatea lehenetsiko du Exekutiboak.
Michelin konpainiak Lasarte-Orian duen lantegia bisitatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, 80 urte bete baititu udalerri horretan, eta bertan egin du iragarpena.
Gasteizko Exekutiboak hezkuntza eta trebakuntza programak "indartuko" dituela adierazi du Urkulluk. Era berean, "Gobernuko eta elkarte publikoetako zerbitzu eta lanen kontratazioan irizpideak finkatu" egingo dituela erantsi du. "Enpleguarekin beste konpromiso bat" dela goraipatu du agintariak.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu eta lanak garatzeko ardura hartzen duten enpresek kontratatu beharreko langile berrien % 20 lana aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak izatea nahi du Exekutiboak.
"Zaintza eta ikuskaritza"
Horren harian, klausula edo irizpide horiek betetzen direla "bermatzeko", sailek eta elkarte publikoek "zaintza eta ikuskaritza zorroztuko dituzte", adierazi du lehendakariak.
"Konfiantza handiagoa dagoen agertokian hartzen ditugun neurriak dira; inbertsioarekin, hazkundearekin eta enpleguarekin konpromisoa", azpimarratu du.