Ekonomia -
Epaia
Bost pertsona zigortuta, Zestoan hildako langilearen istripuagatik
2006ko apirilaren 11n hil zen, 1.110 kiloko hodi bat zeramala ibilgailua irauli eta azpian harrapatuta.
Erredakzioa
Hiru enpresaren hiru arduradunak eta obra bateko segurtasun plana idatzi zuten bi pertsonak zigortu ditu epaileak, duela zortzi urte Zestoan langile baten heriotza eragin zuen lan-istripua argitzeko auzian. 600 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta 55.000 euro ordaindu beharko dizkiote hildako langilearen alabari.
Epaiaren arabera, epaiketan, bost akusatuek euren burua errudun jo, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak .eskatu zuten zigorra onartu zuten. Ondorioz, epaileak zigortu egin ditu, zuhurtziagabekeria arinagatik heriotza eragin zuen pertsonen kontrako falta baten arduradun direla ebatzita.
Langilea 2006ko apirilaren 11n hil zen. Egun horretan istripua izan zuen langilea eta lankide bat Zestoara bidali zituzten, Sansinea industrialdeko galdategi batean lan batzuk egitera.
Epaiaren arabera, langileak "arduraduna zein zen jakin gabe eta egin beharreko lana eta erabili beharreko makinak zein ziren jakin gabe" joan ziren bertara.
Istripua
Langileek "xurgatze sistemako hodi mekaniko batzuk muntatu eta euskarri batzuetan soldatu" behar zituzten. Hodi bakoitzak 8 metroko luzera, 1,75 metroko diametroa eta 1.110 kiloko pisua zuen.
Idatziaren arabera, 18:00ak aldera, langileetako batek manipulagailu teleskopiko bat hartu zuen, hodi horietako bat batetik bestera eramateko, eta karga utzi behar zuenean "ez zituen makina egonkortzeko aurreko pistoiak zabaldu". Ondorioz, hodiaren pisu handia dela eta, ibilgailuaren atzeko gurpilak lurretik altxatu ziren, makinak zeraman hodia alde batera mugitu zen, eta, azkenean, makina irauli egin zen. Langilea, orduan, kabinatik atera, eta lurrera jauzi egiten saiatu zen, baina ez zuen astirik izan. Kabinaren ertzak lurraren kontra gerritik harrapatuta hil zen".
Epaiak ondorioztatu duenez, "istripua akusatuek egin eta onartu zuten segurtasun planaren aurreikuspen ezaren ondorioz gertatu zen", eta "egin beharreko lana banatzeko moduaren eta instalazio horiei zegozkien berezitasunak jaso ez izanaren ondorioz".