Ekonomia -

Merkatuaren neurketa

S&P agentziak nota igo dio Hego Euskal Herriari

Egoera ekonomikoa hobetze bidean dela eta bai Nafarroak eta bai EAEk burujabetza fiskal handia dutela iritzi dio  ekonomia agentziak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Standard and Poor’s merkatuko arriskuak neurtzen dituen agentziak Hego Euskal Herriari nota igo dio, ekonomia hobetzeko bidean sartuta daudela aurreikusita; Espainiari ere, kalifikazio hobeagoa jarri dio agentziak arrazoi beragatik.

Lurraldeka eta erkidegoka egiten du neurketa S&P agentziak, eta, Nafarroak, Bizkaiak eta EAEk puntuazio bera lortu dute (BBB+ mailatik A- maila pasatu dira). Kalifikazio egonkorra erdietsi dute hiru lurraldeok: horren arabera, 2014-2016 urte artean ez diete nota aldatuko, ez gora, ez behera.

Espainiari orokorrean jarri dioten notaren bi kate-maila gainetik daude EAE eta Nafarroa, agentziak uste baitu zor subiranoaren gaineko presioei hobeto egingo lieketela aurre bi erkidegook.

S&P agentziaren bere ondorioetan nabarmendu duenez, Espainiak zorra ordaintzeari utziko balio, Nafarroa eta EAE gai izango lirateke bakoitza dagokion zorrari aurre egiteko, subiranotasun fiskal handia dutelako eta Espainiaren transferentziekiko erabateko menpekotasunik ez dutelako, beste erkidego askok duten bezala.

Halaber, Hego Euskal Herriko industria lehiakorra azpimarratu du neurketa egin duen agentziak; nazioartera begira, esportazioak ardatz hartuta, dagoen industria dela  jaso dute azterketan.

Nafarroak eta EAEk duten 'izaera konstituzional berezia' dela eta, Espainiako zorrak ekar litzaken ondorio kaltegarriak pairatzea ekidin ahal izango lukete bi erkidegook, agentziaren arabera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea