Ekonomia -

Balantzea

Bilboko metroak 133.000 ibilgailu kentzen ditu egunean errepidetik

Bilboko metroaren eragina aztertzen duen ikerketa baten arabera, 4.000 milioi euro ekarri dizkio honek Euskadiko BPGari, eta Bizkaiaren irudia hobetzerako prozesuan lagundu du.

Bilboko Metroak sorreratik 4.000 milioiko ekarpena egin dio BPGari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

133.000 ibilgailu kentzen ditu egunean Bilboko metroak errepideetatik, Bizkaiko garraio partzuergoak ateratako txosten baten arabera. Metroak Bizkaiko ekonomian duen eragina aztertu du ikerketa honek.

Metroaren eragina aztertzen duen txostena honen lanak hasi zirenetik 25 urtera, eta martxan jarri zutenetik 18 urtera aurkeztu dute.

Jose Luis Bilbao partzuergoko presidente eta Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, "metropoli-trenbideak 4.000 milioi euro ekarri dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinari: 3.000 milioi zuzenean, eraikitze lanetan eta bi lineen esplotazioan; eta beste 1.000 euro zeharka, azpiegiturari lotutako lanpostuen eraginez sortutakoak".

Txostenaren arabera, Bilboko metroak 2.600 lanpostu iraunkor mantendu ditu urtetik urtera.

Gainera, dokumentuak nabarmentzen du metroak Bizkaiaren irudia hobetzeko prozesuan eragina izan duela 25 urteotan zehar, eta herritarrentzat harro egoteko arrazoia dela: 10 puntutik 8,06 ematen dizkiote biztanleek metroari.

Garraio publikoan egindako bidaien ehuneko berrogeita hamar baino gehiago metroan egiten dira, bai lan arrazoiak medio egindakoak, baita aisialdirako egindakoak ere. Ondorioz, Euskadiko garraio erabiliena da.

"Pertsonen bizi kalitatea hobetu du. Zer gehiago eska dakioke garraio publiko bati: erosotasuna, segurtasuna, lasaitasuna, eta denbora eta dirua aurreztea", adierazi du Jose Luis Bilbaok. Gaineratu duenez, "existituko ez balitz, 133.000 ibilgailu gehiago egongo lirateke egunero gure errepideetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon?