Ekonomia -

BBK eta Vital-en batzarrak

Aurkako botoa zigortuko dutela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek

Batzarretako konpromisarioei egin nahi dieten "xantaia" kritikatu dute Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) sindikatu abertzaleetako idazkari nagusiek.

Adolfo Muñoz 'Txiki' eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak. EFE
Adolfo Muñoz 'Txiki' eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak. EFE
Adolfo Muñoz 'Txiki' eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuen arabera, fundazio bihurtzea eragozteko abstentzioa edo aurkako botoa ematen dutenei zigortzeko aukera jasotzen dute BBKko eta Vital Kutxako batzarren agiriek. 500.000 euroko isuna, eginkizun-gabetzea eta gaitasunik gabe uztea aipatzen dira agirietan.

BBK eta Vital Kutxako batzarren deialdiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute gaur sindikatu abertzaleek, Bilbon. Arabako eta Bizkaiko aurrezki-kutxak fundazio bilakatzea eztabaidatuko dute ekainaren 30ean.

Batzarretako konpromisarioei egin nahi dieten "xantaia" kritikatu dute Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) sindikatu abertzaleetako idazkari nagusiek prentsaurrekoan.

Gainera, fundazioan bihurtzea, estatutuak, patronatuaren osaketa eta Gizarte Ekintzarako ekarpena (2014) erabakitzeko bozketa bakarra egitea kritikatu dute sindikatuek.

"Juridikoki defendaezina da, benetako tronpatze demokratikoa eta zuzenbidearen aurka doa. Batzarrak bertan behera uztea eskatzea aztertuko dugu", iragarri du Txiki Muñozek.

"Benetako eztabaida"

Bi batzarrei "babes politikotik ez" emateko eskatu die Etxaidek erakundeei. "Benetako eztabaida prozesua" zabaltzeko eskatu die urtea bukatu arte; izan ere, kutxak fundazio bihurtzeko epea orduan amaitzen da.

Muñozen hitzetan, fundazio bihurtzeko "baiezkoa edo baiezkoa" emateko betebeharra "Kutxari begira egindako diseinu baten parte da"; izan ere, BBKn eta Vital Kutxan EAJ, PSE-EEk eta PPk gehiengo nahikoa dute, baina Gipuzkoako aurrezki-kutxaren batzarrean ez da gauza bera gertatzen, EH Bilduren jarrera ikusita.

ELAko idazkari nagusiaren ahotan, sindikatu abertzaleek eta EH Bilduk kutxen inguruan bultzatutako eztabaidak "hezurrean ukitu du". "Benetan agintzen dutenen eta politikaren intolerantzia agerian geratu da", erantsi du.

Zentzu horretan, BBKren eta Vital Kutxaren prozesua "bizkortu" dutela uste du Etxaidek; izan ere, kutxetako pribatizazioaren eztabaida "behingoz" gizartera heldu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak