Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskaltelek zerbitzua kanporatzearen kontra salaketa jarri du ELAk
Pasa den astean GFI enpresa frantziarrarekin akordio bat itxi zuen Euskaltelek: hitzarmen horren arabera, Euskaltelen sistemen zerbitzua GFIk beregain hartuko du.
Erredakzioa
Euskaltelek bere zerbitzuaren zati bat kanporatzea gelditzeko EAEko Auzitegi Nagusian salaketa jarri duela iragarri du, gaur, ELA sindikatuak.
Pasa den astean GFI enpresa frantziarrarekin akordio bat itxi zuen Euskaltelek: hitzarmen horren arabera, Euskaltelen sistemen zerbitzua GFIk beregain hartuko du, eta beraz, egun Euskaltelen lan horretan ari diren 33 langile Frantziako enpresara pasatuko dira, ustez, baldintza berdinetan.
ELAk salatu duenez, sistemen zerbitzua ez ezik, sareen alorra ere kanporatzea negoziatzen ari da Euskaltel atzerriko hiru enpresekin. Hori gauzatuz gero, beste 133 langile pasatuko lirateke kanpoko enpresa batera.
Euskaltelek CCOO sindikatuarekin adostu zituen kanporatze hauek, baina ELA hasieratik operazio horien kontra agertu zen. Hori dela eta, salaketa aurkeztu du operazio horiek bertan behera gera daitezen.
ELAren iritzian, Euskaltelek abian jarri nahi dituen kanporatze prozesuek ez dute bermatzen lan-hitzarmena.
Pasa den asteartean, ELAko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan ziren, kanporatzeen kontrako jarrera agertzeko eta Legebiltzarrak neurriak har ditzala eskatzeko.