Ekonomia -
1.300 milioi euro
Espainiako bankuen erreskatea itzultzen hastea onartu du Euroguneak
Espainiak aurreneko tartea ordaintzea onartu du Euroguneko erreskate funts iraunkorrak (MEDE). Espainiak 1.300 milioi euro itzultzea eskatu zuen ekainaren 27an.
Erredakzioa
Espainiari emandako erreskatearen 1.300 milioi euro orain itzultzen hastea onartu dute gaur Euroguneko bazkideek. Hala ere, aurreneko tartea baino ez da; izan ere, Espainiak 41.333 milioi euro jaso zituen bankuen sistema onbideratzeko.
Horrela, Espainiak aurreneko tartea ordaintzea onartu du Europako Egonkortasun Mekanismoko (MEDE) zuzendarien batzordeak. Espainiak 1.300 milioi euro itzultzea eskatu zuen ekainaren 27an.
2012an 41.333 milioi euroko erreskatea jaso zuen Espainiako bankuen sistemak. 1.300 milioi euro orain itzuliko zituela iragarri zuen Gobernuak ekainaren 6an.
Ordainketa esku-dirutan egingo du Espainiak. "Banku baten berregituraketak eta haren akzioen salmenta arrakastatsuak" ordainketa posible egin dute, azaldu du funtsak Bankiari erreferentzia eginez.
MEDEk ikuskaritza programa bat martxan izango du erreskatea edo laguntza jaso duten herrialdeetan, horiek diru-laguntza itzuli arte. Espainiak 2027an erreskate osoa itzultzea aurreikusi dute.