Ekonomia -
Gowex auzia
Epaileak aske utzi du Jenaro Garcia, 600.000 euroko fidantzapean
Bestalde, Gowexek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du Madrilgo Merkataritza arloko epaitegietan, enpresak aurre egin behar dion “finantza-blokeo” egoeraren aurrean.
Erredakzioa
Santiago Pedraz epaileak aske utzi du Jenaro Garcia Gowex enpresako presidente ohia, 600.000 euroko fidantzapean. Garciak 15 eguneko epea izango du orain fidantza ordaintzeko eta kartzelan sartzea saihesteko. Gowexeko presidente ohiari enpresako kontuak faltsutzea leporatzen diote.
Epaileak pasaportea kendu eta astero epaitegian aurkeztu behar duela adierazi dio. Garciak Justiziarekin elkarlanean aritzeko asmoa agertu dio Pedrazi. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak prebentzioko neurriak hartzeko eskatu du.
Jenaro Garciak inputatu gisa deklaratu du, bi orduz, epailearen aurrean, kontuak faltsutu zituela onartu ostean, eta, besteak beste, eskuko ordenagailua eta telefonoa eman dizkio.
Gowexek hartzekodunen konkurtsoa eskatu du
Bestalde, Gowexek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du Madrilgo Merkataritza arloko epaitegietan, enpresak aurre egin behar dion “finantza-blokeo” egoeraren aurrean eta kontratu eta proiektu asko bertan behera geratu direlako bezeroen aldetik.
Burtsako Merkatu Alternatiboari bidalitako gertaera garrantzitsu honetan, Javier Solana kontseilariak esan du neurri honen helburuak aktiboak, jarduera mantentzea eta langileen, bezeroen, hornitzaileen eta akziodunen eskubideak bermatzea eta babestea direla.
Konpainiak hartzekodunen aurre-konkurtsoa eskatu eta lau egun geroago aurkeztu du. Ostegunean Jenaro Garcia sortzaileak eta presidente ohiak kontuak faltsutu zituela onartu zuen, gutxienez, azken lau urteotan.