Ekonomia -
Goi-bilera Brasilen
Herrialde azaleratu berriek garapen banku bat sortu dute
Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren alternatibak eratu dituzte.
Erredakzioa
Herrialde azaleratu berri nagusiek (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) garapena bultzatzeko banku bat eta kontingentziei aurre egiteko erreserbak izango dituen funts bat sortzea adostu dute, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) alternatiba izan daitezen.
Herrialdeok goi-bilera egin dute Fortalezan (Brasil), eta, erakunde horiek sortuta, Mendebaldeak munduko finantza-ordenan duen eragina orekatu nahi dute.
Garapen Bankuak Shanghain (Txina) izango du egoitza, eta hasieran 50.000 milioi dolarreko kapitala izango du. Dena dela, 100.000 milioi dolarreraino handitzea baimendu dute jada.
Txandakako lehen presidentea Indiakoa izango da, erakunde hori sortzea proposatu zuen herrialdea baita. Ondoren Brasilek, Errusiak, Hegoafrikak eta Txinak hartuko dute lekukoa, ordena horretan.
Halaber, gobernadore kontseiluko burua Errusiak izendatuko du, eta zuzendarien kontseilukoa, aldiz, Brasilek. Bi karguak txandakakoak izango dira.
"Bankua alternatiba izango da garapen bidean dauden herrialdeek finantziazioa lortzeko, eta gaur egun nazioarteko erakundeetan dauden akatsak orekatuko ditu", azaldu du Dilma Roussef Brasilgo presidenteak, goi-bileraren lehen saioan.