Ekonomia -
Murrizketak
Microsoftek urtebetean 18.000 lanpostu murriztuko dituela iragarri du
Murrizketak konpainia estatubatuarreko langile kopuru osoaren % 14,2a kaltetuko du. Erabakia "zaila baina beharrezkoa" dela esan du Satya Nadella enpresako zuzendariak.
Erredakzioa
Microsoft teknologia konpainia estatubatuarrak berregituraketa plan berri bat aurkeztu du gaur, antolaketa sinplifikatu eta berriki erositako Nokia konpainiaren estrategia orokorrean barneratzeko. Horretarako, datozen hamabi hilabeteetan 18.000 lanpostu murriztuko dituela iragarri du enpresak.
Adierazpen batean azaldu duenez, kaltetuko diren 18.000 lanpostuetatik, 12.500 Nokia Devices and Servicesen lerrokatze estrategikoaren eta sinergiaren zuzeneko ondorioa izango dira. Pasatu den apirilaren 25ean erosi zuen Microsoftek enpresa finlandiarra.
Planari lotutako neurri gehienak 2014ko abenduaren 31a baino lehen jarriko direla martxan adierazi du Microsoftek, eta 2015eko ekainaren 30erako beteko direla.
Murrizketak konpainia estatubatuarreko langile kopuru osoaren % 14,2a kaltetuko du. 2014ko ekainaren 5ean, 127.104 langile zituen enpresak.
Neurriek kontuetan 1.100 eta 1.600 milioi dolar arteko (813 eta 1.182 milioi euro) zergen aurreko kargua eragitea espero du Microsoftek datozen lau hiruhilekoetan.
Zifra horietatik, 750 eta 800 milioi dolar artean (554 eta 591 milioi euro) kaleratze eta kalte-ordainengatik izango lirateke, eta 350 eta 800 milioi dolar artean (259 eta 591 milioi euro), berriz, aktiboekin lotutako karguengatik.
Mezua langileentzat
Satya Nadella Microsofteko zuzendariak mezu bat igorri die langileei, lehen 13.000 lanpostuak murrizten hasiko dela adieraziz, eta kaltetu gehienei datozen sei hilabeteetan jakinaraziko zaiela esan du.
"Garrantzitsua da azpimarratzea arlo batzuetan lanpostuak murriztuko diren arren, beste sektore estrategiko batzuetan lana sortzen ari garela. Prozesu honetan ahalik eta gardentasun gehienarekin egingo dugula aurrera hitz ematen dut", dio Nadellak, eta erabakia "zaila baina beharrezkoa" dela esan du.
Horren harira, enpresak kaltetutako langile guztiei kalte-ordainak eskainiko dizkiela adierazi du, baita toki askotan enplegua lortzeko laguntza ere. "Enpresari egindako ekarpenagatik, merezi duten errespetua erakutsiko diegu langileei", zehaztu du Nadellak.