Ekonomia -
Impuestos
Montorok Nafarroako Itun Ekonomikoa 'gaurkotzeko' konpromisoa hartu du
Barcinak iragarri duenez, horixe jakinarazi dio ministro espainiarrak. Itunaren aldaketak Nafarroako Parlamentuaren eta Kongresuaren oniritzia behar du indarrean jartzeko.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren ministroa Nafarroaren eta Estatuaren arteko finantza harremanak arautzen dituen Itun Ekonomikoa "gaurkotzeko" konpromisoa duela iragarri du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Barcina Montororekin bildu da, Itun Ekonomikoa aldatzeko beharra helarazteko hain zuzen ere. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Nafarroako energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zerga araudia, eta horrek eragin du ituna aldatzeko beharra. Estatua izan zen 2013an araudiaren kontrako helegitea jarri zuena, energia berriztagarrien ekoizle txikiak kanpoan geratzen zirelako.
Itun ekonomikoa aldatzeko, hilaren 31n beste bilera bat egingo du Koordinazio Batzordeak. Loteriaren, on-line apustuen eta energiaren inguruko zergak aldatzea aipatu du Barcinak, hain justu.
Itunaren aldaketak Nafarroako Parlamentuaren eta Kongresuaren oniritzia behar du indarrean jartzeko.