Ekonomia -
Heziketa egitasmoak
Prestakuntza ereduarekin bukatzeko 'ordua' dela esan du ELAk
Aldaketa "sakona" eskatu du sindikatu abertzaleak. Gaur eguneko eredua patronalen eta sindikatuen "finantziazio iturri bihurtu" dela salatu du Muñozek.
Erredakzioa
Etengabeko prestakuntza ereduarekin amaitzeko "ordua" dela adierazi du gaur ELA sindikatuak. ELAren hitzetan, heziketa planak aurrera eramateko ez diete "eurorik eman" behar patronalei eta sindikatuei. Horrela, egitasmoak erakunde horien finantziazio iturri bilakatzea saihestu nahi du.
ELAk eta LABek Hobetuz heziketa fundazioa utzi zuten aspaldi. Jaurlaritza "Estatuaren eredua" aplikatzen ari zela salatu zuten sindikatu abertzaleek. ELAko buruzagiek politiken aldaketa "sakona" eskatu dute gaur.
Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Bilbon. Gaur eguneko eredua patronalen eta sindikatuen "finantziazio iturri bihurtu" dela salatu Muñozek, CCOOren eta UGTren azken ustelkeria kasuari erreferentzia eginez.
ELAren arabera, Hobetuzek 2013an kudeatutako 16,9 milioi euroetatik % 38,5 patronalak, CCOOk eta UGTk euren artean banatu zuten. Sindikatu bakoitzak 1,7 milioi euro jaso zituen, eta lurraldeetako enpresaburuen erakundeek 3 milioi.
Murrizketak
Prestakuntzako murrizketak zentro publikoek zein hitzartutako zentroek pairatu dituzte; izan ere, baliabide gehienak kudeatu beharko lituzkete, sindikatuaren ahotan.
Euskadin aplikatzen ari den sistema Madrilen eta Andaluzian aplikatzen duten "berdina" dela ohartarazi du Txiki Muñozek. Erkidego horietan, heziketa fondoen kudeaketan, ustezko iruzurra ikertzen ari direla gogorarazi du ELAko idazkari nagusiak.