Ekonomia -
Justizia Auzitegi Nagusia
EAEANak ukatu du lan-baldintzak aldatzea hitzarmenik ez dagoenean
Arabako Laguntza enpresak langileen lan-baldintzak aldatzea proposatu zuen, bere sektoreari dagokion lan-hitzarmena bertan behera geratu eta gero.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu enpresa batek, zegokion lan-hitzarmena bertan behera zegoela argudiatuta, langileei lan-baldintzetan egindako aldaketak, ELAk ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Zehatz-mehatz, Arabako Laguntza da enpresa. Gasteizko Udalak eta Arabako Diputazioak etxeetan emandako laguntza zerbitzuak kudeatzen ditu enpresak.
ELAren oharraren arabera, enpresa horretako zuzendaritzak eskutitz bat bidali zien langileei, lan-hitzarmena bertan behera zegoela jakinarazteko, baina hitzarmen horrek 2014ko abenduaren 31ra arte jasotako baldintzak mantenduko zituela.
Sindikatuak zehaztu duenez, patronalek egindako aholkuetako bati jarraituta bidali zuten eskutitza. Antza, patronalaren arabera, horrek lagunduko omen du etorkizunean lan-hitzarmenak indarrean ez daudenean baldintzak ez aplikatzen, eta berma judizial handiagoak izango dituzte enpresek.
ELAk zenbait salaketa jarri zituen, "lan-baldintzak nabarmen aldatzeagatik" eta, Arabako Laguntza enpresaren kasuan, EAEANak ebatzi duenez, "lan-baldintza kolektiboen aldaketa nabarmena suposatzen zuen" enpresak bidalitako oharra.