Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Pedrazek Gowexen ikuskaria atxilotzea eta espetxeratzea agindu du
Epaileak 15 eguneko epea eman zion 200.000 euroko fidantza ordaintzeko; deituak egiteko "beharrezko babesa" ematea egotzi dio Pedrazek.
Erredakzioa
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Jose Antonio Diaz Villanueva Gowexen kontu-ikuskaria atxilotzeko eta behin behinean kartzelan sartzeko agindua eman du, presondegira joatea saihesteko epaileak ezarri zion 200.000 euroko fidantza ez duelako ordaindu.
Pedrazek idatzitako autoaren arabera, epaileak Diaz Villanueva topatzeko, atxilotzeko eta kartzelaratzeko agindua eman du; aipatutako fidantza ordaintzeko emandako 15 eguneko epea bart gauerdian bukatu eta gero.
ANko epaileak kontuak eta wifi sareen enpresaren informazio ekonomikoa eta finantzak faltsutzeko "beharrezko babesa" ematea egotzi dio
Jenaro Garciak ordaindu du
Gainera, Pedraz epaileak 600.000 euroko fidantza ezarri zion Jenaro Garcia Gowexeko presidente ohiari eta atzo bermea ordaindu zuen Garciak, espetxea saihestuta. Hala ere, pasaportea entregatu beharko du, eta baimenik gabe ezin izango da Espainiatik atera.
Santiago Pedraz epaileak atzo igorri zuen autoaren arabera, Florencia Mate Garciaren emazteak transferentzia gauzatzeko agindua eman zuen uztailaren 17an. Horrela, Banco Popolare Luxenburgoko bankuak fidantza ordaindu zuen iragan larunbatean.
Era beran, Matek kontu korronte horretako diru guztia transferitu zuen. Arcole Venture sozietatearen dirua zen eta emaztea kontuko administratzaile bakarra zen. Bost milioi euro inguru Auzitegi Nazionalaren eskuetan geratu dira.
Pedrazek Garcia bermepean aske uztea erabaki zuen uztailaren 14an, akusatua galdekatu eta gero. Azken hamarkadan Gowexeko zenbakiak faltsutu izana onartu zuen Jenaro Garciak epailearen aurrean.
Hasiera batean fidantza ordaintzeko 15 eguneko epea eman zion epaileak Garciari, baina azkenik atzo arte luzatzea erabaki zuen magistratuak, Gowexeko presidente ohiak hala eskatuta.