Ekonomia -

Aurkezpena

28 milioi euro, EAEko lehen sektorea suspertzeko

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai-Politikako sailburuordeak aurkeztu ditu sektorearen orainari eta etorkizunari laguntza emateko prestatutako zortzi programak.

Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 28 milioi baino gehiago erabiliko ditu lehen sektorea suspertzeko eta landa-ingurumena eta itsasaldea garatzeko. Donostian emandako prentsaurreko batean, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak aurkeztu ditu sektorearen orainari eta etorkizunari laguntza emateko prestatutako zortzi programak.

Orozek adierazi duenez, nekazari-sektoreko, arrantza-sektoreko eta elikagai-industriako enpresetan inbertitzea bultzatzen dute programa horiek. Elkartegintza, landa-herrietako bizitza kalitatea hobetzea eta landa-ingurumena eta itsasaldea zaharberritzea dira beste helburuetako batzuk.

Orozen esanetan, laguntza hauekin Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saileko helburu garrantzitsuetako batzuetan aurrerapen sendoa lortuko dute. Izan ere, lehen sektoreak lehiakortasunean eta profesionaltasunean egingo du hobera, eta baita Euskadiko landa-ingurumeneko eta itsasaldeko bizitza kalitatea.

"Nirea akordioa" egitasmoa

Zortzi programa horietan garatuko dituzten jarduerak eta ekintzak "Nirea akordioa" egitasmoarekin bat joango dira. Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko lehen sektoreko eragileek bultzatu dute egitasmo hori.

Orozek berretsi duenez, "Eusko Jaurlaritzak erabateko konpromisoa du lehen sektoreko langileekin eta landa-ingurumeneko eta itsasaldeko biztanleekin".

Programen ezaugarriak

Aurkeztutako programei dagokienez, lehenak, "Erein"ek, 6,6 milioi baino gehiago izango ditu eta landa-eremuetako ekonomiarako eta biztanleentzako jarduerak bultzatuko ditu: oinarrizko zerbitzuak, eraberritzea, garapena, landa-ondarea hobetzea, enpresak sortzea, zaharberritzea eta handiagotzea, enplegua eta etxebizitza.

"Leader" programak 4 milioi izango ditu, garapen gizarte-ekonomikoa bultzatzeko, landa-eremuetako biztanleriari eusteko. Horretarako, enplegu aukerak sustatuko dituzte eta zerbitzuak eta hornidurak hobetuko dira, bizitza kalitatea ere hobea izateko.

"Itsaspen"i dagokionez, 2,3 milioi izango ditu, itsasaldeko eremuak sustatzeko eta garatzeko. Bertako oinarrizko zerbitzuak eta jendearen bizitza kalitatea hobetuko dituzte eta jarduera ekonomiko berriak sortuko dituzte, kostaldeko herriak eraberritzeko.

"Lehiatu"k 5.685.094 euro izango ditu, nekazari-produktuak eta elikagai-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta suspertzeko; “Elkarteak” programak, bere aldetik, 781.773 euro ditu, Euskadiko nekazari-sektoreko, arrantza-sektoreko eta elikagai-sektoreko profesionalei, enpresei eta elkarteei laguntzak emateko.

1.658.800 euro dituen "Berriker" programak nekazari-sektoreko, arrantza-sektoreko eta elikagai-sektoreko ikerketa, garapena eta berrikuntza subentzionatuko ditu. Ardoaren ekoizleek ere 7 milioiko laguntzak izango dituzte, lehiakortasuna sustatzeko eta ardoen kalitatea sendotzeko. Azkenik, 500.000 euro egongo dira behi-esneko abere-ustiapenetan abereen ongizaterako.

Nekazaritzako ekoizpen ekologikoan parte hartzeko laguntzak ere abiatu dituzte; halaber, Ehiza Euskal Federazioa bultzatzen ari den nazioarteko egitasmo baterako 75.000 euro egongo dira. Espezie migratzaileen ehiza iraunkorra babesten du egitasmo horrek (pagausoen eta galeperrena).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Dirulaguntzak