Ekonomia -
Polemika
Ertzaintzako hauteskunde sindikalak urriaren 30ean izango dira
Data Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako 60 ordezkari sindikaletatik 17k adostu dute, gaur egindako bileran; ErNE, ELA eta Sipe sindikatuek ez dute bertan parte hartu.
Erredakzioa
Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako ordezkari sindikal batzuek Ertzaintzako hauteskunde sindikalak urriaren 30ean egitea adostu dute gaur, astelehena, egindako bilera batean, Eneko Urkijo ESAN sindikatuko idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Bilera Erandioko (Bizkaia) Polizia-etxean izan da, eta ESAN sindikatuko zazpi ordezkariek, CCOOko seiek eta Euspeleko laurek parte hartu dute bertan.
ErNE, ELA eta Sipe sindikatuetako ordezkariak (Ertzaintzan dauden 60 ordezkari sindikaletako 43 sindikatu horietakoak dira), ordea, ez dira bertan egon, eta ESANek hauteskunde deialdia eskatzea kritikatu dute.
Eneko Urkijoren esanetan, duela lau urte azaroaren 28an izan ziren hauteskundeak, behar baino hilabete lehenago, "oraingoan baino gehiago aurreratu baitziren, ErNEk hala eskatu zuelako".
Urkijok gogorarazi duenez, hauteskundeak deitzeko prozesua zehazten duen dekretuaren arabera, karguan dauden ordezkarien epea bukatu baino hiru hilabete lehenago deitu daitezke hurrengo hauteskundeak. Epean daudenez, beraz, ezin zaio bere sindikatuari ezer aurpegiratu, Urkijoren ustean. "Kritikak norberaren interesen araberakoak dira", esan du ESANen bozeramaileak.
Eusko Jaurlaritza "zorrotz"
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, Ertzaintzako hauteskundeak "araudia zorroztasunez beteta" deituko dira.
Azkenekoz hauteskundeak deitu zirenetik lau urte igaro direnez (2010eko urriaren 28an), deialdi berri egiteko "epea heldu da dagoeneko" eta "ez dira hauteskunde sindikalak aurreratu", baizik eta "hauteskundeen gaineko araudia zorroztasunez bete egin da".
Gainera, gogorarazi duenez, Erandion egindako bilera aurreko astean deitu zen, Ertzaintzan ordezkaritza duten sei sindikatuetatik batek deialdia egitea eskatu zuelako.
Euspelek haztea espero du
Euspel sindikatuak "handitzea" espero du, hauteskundeen ostean, "ertzain guztiak lan baldintzak hobetzen lagundu ahal izateko".
Sindikatu horren arabera, Esan urriaren 9an egitea proposatu zuen hasiera batean, baina Euspelek "ahalik eta beranduenen" egitea eskatu zuen, hau da, urriaren 30ean, eta azkenik hori izan da adostutako data. "Ahalik eta beranduenen izatea nahi genuen, plangintza eta euskalduntze plana aurretik negoziatu ahal izateko".
Polemika eta protesta
ErNE sindikatuko ordezkariek Ertzaintzaren Erandioko egoitzaren atarian protesta egin dute, eta Segurtasun Sailari "antolakuntzan dagoen kaosa" konpontzeaz kezkatzeko eskatu diote, ez hauteskunde sindikalak deitzeaz, "garrantzirik gabeko gaia" delako.
'2016, urruntasuna eta kaosa' lelopean, ErNEk kritikatu egin du hauteskundeak deitzeko data adosteko bilera "antzeztu" izana; izan ere, horrek "gaur egun ez du inolako garrantzirik".
Horren ildotik, sindikatuak esan duenez, Segurtasun Saileko arduradunek deialdi hau baino "gauza garrantzitsuagoak dituzte mahai gainean", azken hau langileen arazoa baita.