Ekonomia -

Ogasuna

Helena Francok Bilduren Gipuzkoako eredu fiskala defendatu du

Gipuzkoako Ogasun diputatuaren arabera, egunetik egunera "gehiago" dira Bilduk proposatutako "aberastasunaren banaketaren alde" agertzen direnak.

Helena Franco, Gipuzkoako Ogasun diputatua. EFE
Helena Franco
Helena Franco, Gipuzkoako Ogasun diputatua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak gaur esan du denborak "arrazoia" eman diola Bilduren Foru Gobernuak bultzatutako politika fiskalari, deslokalizazioa eta enplegu suntsipena eragingo zituela zioten "eredu neoliberalak zirikatutako mamuen aurrean".

Donostian egin ditu adierazpenak Francok, Euskal Herriko Unibertsitatearen " Aberastasuna zergapetzeko proposamen berriak Europan" udako ikastaroaren aurkezpenean.

Diputatuak esan duenez, hasiera batean Bilduren proposamenek "arraroak" ziruditen arren, egunetik egunera "gehiago" direla proposatutako "aberastasunaren banaketaren alde" agertzen direnak.

Francok esan du eztabaida "liluragarri" hori "erabat aktuala" dela, baina "teorian nahiz praktikan erabat desagertuta" egon dela. "Aberastasun asko dutenen interesen azpian egon da, gutxi izan arren, botere ekonomiko handia baitute".

Hori horrela, "aberastasunaren gaineko zerga progresiboki ezabatu edo gutxienekora murriztea lortu zuten", adierazi du Ogasun diputatuak. Gainera, krisi ekonomikoak "aberastasunaren kontzentrazio handiagoa" agerian utzi duela azaldu du. "Horrek herrialdeen eta nazioarteko erakundeen egonkortasun politikoa eta soziala arriskuan jar dezake", esan du.

Helena Francok eztabaida gizarteratzearen beharra azpimarratu du, "guztion artean zer-nolako herrialdea eta gizartea nahi dugun egituratzeko". Horretarako, erreminta ezberdinak daudela adierazi du, "tartean, politika fiskala", eta ez dela "bat eta bakarra".

Horren harira, "agintean dagoen sistema neoliberalak 'saldutako' beldurrak" kritikatu ditu. Izan ere, "aberastasun handien zergapetzearekin" "kontuz" ibili behar zela zioten, horrekin enpresen deslokalizazioaren, ekonomiaren galeraren eta enpleguaren suntsipenaren "beldur guztiak" etorriko liratekeelako.

Francok berretsi du Bilduren Gipuzkoako Gobernuak ez duela inor engainatzen, eta eztabaida fiskala mahai gainean jarri du. "Gizarte justizian oinarritutako eredu sozioekonomiko argia dauka, eta gutxienez bi elementuren araberakoa izan behar du: bizitza ekonomikoaren eta produktiboaren antolakuntza demokratikoa, batetik, eta aberastasunaren birbanaketa eraginkorra, bestetik".

Udako ikastaro hori hiru egunez luzatuko da, eta Gipuzkoako aberastasunaren eta ondare handien gaineko zergaren lehen kanpainaren eragina aztertuko da. Aldundiak uztailean eskainitako datuen arabera, 57 milioi euro bildu dira, 2012an baino % 47,6 gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak EH Bildu Araba Albisteak Gaur Albisteak Gastu publikoa