Ekonomia -
Guardia Zibilaren ikerketa
Goratu: 'Ez diogu Irani makinarik saldu'
Elgoibarko enpresak azpimarratu duenez, bertan egiten dituzten makinek ez dute "erabilera bikoitzik".
Erredakzioa
Goratu enpresa gipuzkoarrak jakinarazi duenez, ez diote Irani makinarik saldu. Guardia Zibilak joan den asteartean miatu zuen Elgoibarko enpresa, Irani hainbat material kontrol barik saltzea egotzita.
Erakunde armatuaren arabera, Goratuk "erabilera bikoitzeko materiala saldu du", hau da, industria makinak zein armak egiteko balio duena.
Enpresak ohar batean azpimarratu duenez, "makinariaren % 90 esportatzen dugun arren, ez diogu Irani makinarik saldu".
Horrez gain, Goratuk egiten dituen makinek, "oro har", ez dute erabilera bikoitzik, azaldu du.
Horren ildotik adierazi duenez, enpresak "eskaera bakoitza zehatz-mehatz aztertzen du, egun indarrean dagoen legea betetzeko eta herrialdeek, makinek eta bezeroek eskatutako lizentzia guztiak edukitzeko".
Nolanahi ere, "azken aldaketa geopolitikoen jakitun" dela nabarmendu du Goratuk, eta, horregatik, bere "produktu guztiak aztertzeko ikerketa independente bat" abiatu du, "kontu handiagoz jokatzeko".
Hori horrela, Guardia Zibilaren ikerketa "arin eta modu onean" bukatuko dela uste dute Goratu enpresako arduradunek.