Ekonomia -
Bilera
Eduardo Arechaga bizkaitarra, Confebaskeko zuzendari nagusi berria
Nuria Lopez de Guereñuk iragan uztailean dimisioa eman eta gero, erabakia hartu du Confebaskeko zuzendaritzak. Arechaga aho batez izendatu du EAEko patronalaren zuzendaritzak.
Erredakzioa
Eduardo Arechaga bizkaitarra zuzendari nagusi berri izendatu du gaur Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak. Bestalde, "erakunde fundatzaileen (Adegi, Cebek eta SEA) parte-hartzea eta inplikazioa idazkari nagusien batzorde baten bidez areagotzea" onartu du zuzendaritzak.
Nuria Lopez de Guereñuk iragan uztailean dimisioa eman eta gero, erabakia hartu du gaur arratsaldean Confebaskeko zuzendaritzak.
Gaurko bileran, Arechaga aho batez izendatu du EAEko patronalaren zuzendaritzak. Arechaga Confebaskeko departamentu Ekonomiko-Fiskalaren zuzendaria izan da orain arte.
Bestalde, "Confebask euskal enpresaburuen interesen lotzailea izateko konpromisoa" berretsi dute Adegik, Cebekek eta SEAk.
Esker ona
Nuria Lopez de Guereñuri eskerrak eman dizkio zuzendaritzak, 2011n agintaldia hasi zuenetik gaurdaino egindako "lanagatik eta azaldutako konpromisoagatik".
Eduardo Arechaga Bilbon jaio zen, 1962an. Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Sarrikon (EHU), eta Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan Masterra (MBA) egin zuen Nafarroako Unibertsitatean (IESE Negozio Eskola).