Ekonomia -
Saria
Jean Tirole frantziarrak irabazi du Ekonomiako Nobel Saria
Merkatuen boterearen eta erregulazioaren inguruan egindako analisiagatik eman diote saria mundu mailan ezaguna den ekonomialariari.
Erredakzioa
Jean Tirole Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko irakasle eta ekonomialariak irabazi du 2014ko Ekonomiako Nobel Saria; merkatuek duten boterearen eta haien erregulazioaren inguruan egindako analisiagatik eman dio saria Suediako Zientzien Akademiak.
Tirole egun munduko ekonomialaririk eraginkorrenetakoa dela nabarmendu du Suediako Akademiak. Sari-emaileen hitzetan, "ekarpen handiak" egin ditu ekonomiaren alor ezberdinen ikerkuntzan. Batez ere, enpresa boteredun gutxi dituzten sektoreak ikertu ditu irakasle frantziarrak. 1953an jaio zen Troyes hirian (Frantzia), eta Massachusettseko Teknologia Institutuko doktorea da. Gaur egun, Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko Industria-Ekonomia Institutuko zuzendari zientifikoa da.
Mundu mailako aitortza garrantzitsuena jasotzeaz gain, 885.000 euroko diru-saria jasoko du Tirolek, abenduaren 10ean Stockholmen egingo den ekitaldian. Egun berean, Oslon, Bakearen Nobel Saria banatuko da.