Ekonomia -
Caja Madrideko B txartelak
Blesa: ‘Espainiako Bankuari azaltzen ez dizkioten gauzak daude’
Bestalde, ‘B txartelak’ “guztiz gardenak” zirela adierazi zuen Rodrigo Rato Caja Madrid eta Bankiako presidente ohiak Fernando Andreu epailearen aurrean, iragan ostegunean.
Erredakzioa
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, iragan ostegunean, egindako deklarazioan Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak azaldu zuenez, “Espainiako Bankuari zehaztasunez azaltzen ez dizkioten gauzak daude, galdetzen ez baldin badu”. ‘B txartelen’ existentzia “gai baketsua izan zen beti, eta ez zuen sekula arazorik planteatu” barne kontu-ikuskapenetan, ezta kanpokoetan ere.
Caja Madridek Espainiako Bankuari kontseilarien soldataren berri ematen ote zion galdetu zion fiskalak presidente ohiari. Espainiako Bankuaren ikuskaritzak Caja Madriden “bulego iraunkor bat” zuela erantzun zuen Blesak, ondorioz, “guztiaren berri zuen edo izan ahal zuen”.
Espainiako Bankuak informazioa eskuetan bazuen galdera ez zela ihardetsi zion fiskalak, Caja Madridek eman bazion ala ez baizik. “Espainiako Bankuari azaltzen ez dizkiogun gauzak daudela uste dut, galdetzen ez baldin badu”, erantzun zuen Blesak. Espainiako Bankuak kontseilarien soldaten berri zuen “seguru”, ‘B txartelak’ barne, Blesaren esanetan.
Jarrera zaputza azaldu zuen Blesak fiskalaren galderen aurrean. Adibidez, txartelak “soldataren osagarri” bat zirela eta “gastuetarako erabiltzea libre” zela azaldu zuenean, fiskalak zuzendu egin zion: “Gastuetarako ez, xahutzeko baizik”. Blesak segidan onartu zuen: “Bai, gastatzeko”.
Rato: “Jakin izan banu, aldatuko nuke”
Bestalde, ‘B txartelak’ “guztiz gardenak” zirela adierazi zuen Rodrigo Rato Caja Madrid eta Bankiako presidente ohiak epailearen aurrean. Atxikipen fiskalik ez zutela ohartu zenean ezustekoa hartu zuela azaldu zuen Ratok.
“Bankiatik alde egin aurretik jakin izan banu, aldatuko nuke, ez nuke horrela utziko”, esan zuen. Txartelak “soldataren igoera bat ez” zirela errepikatu zuen Ratok, soldataren parte baizik. Gainera, zerga atxikipena aplikatzen zitzaiela uste zuen presidente ohiak.
“Bi ekitalditan atxikipenen ziurtagiriak jasotzen ditut eta kopuru horiek barnean daudela uste nuen”, erantzun zuen Ratok. Txartelen gastuari atxikipen fiskala egiten ez zitzaiola presidente gisa jakiterik nola ez zuen galdetu zioten epaileak eta fiskalak.
Barcoj: "Berak ematen badit, legezkoa dela ulertzen dut”
Rodrigo Ratok ‘B txartela’ eman ziola azaldu zuen Ildefonso Sanchez Barcoj Caja Madrideko finantza zuzendari ohiak magistratuaren aurrean. Horregatik, txartelen legezkotasuna zalantzan jarri ez zuela erantsi zuen: “Berak ematen baldin badit, legezkoa dela ulertzen dut”.
Horrela, edozein erantzukizun baztertu nahi izan zuen Barcojek, Miguel Blesari eta Rodrigo Ratori guztia leporatuz. Txartel beltzak nortzuk jasotzen zituzten Blesak eta Ratok erabakitzen zutela defendatu zuen Barcojek.
Barcojen ahotan, Blesak “txartela jasotzen zuten zuzendari nagusiak aukeratzen zituen”, eta ondoren entitatearen gobernu organoetan planteatzen zuen.
Caja Madrid desagertu eta Bankia sortu zenean txartelak desagertu ziren, baina berriak sortu zituzten, “banku berria” baitzen, gaineratu zuen.