Ekonomia -
Bizkaibuseko gatazka
Aldundia: 'Inork ez du lanpostua galduko Bizkaibusen'
Sindikatuen arabera, "300 lanpostu kolokan daude". Bi aldeak berriro batzartu dira, gatazka konpontzeko asmoz.
Erredakzioa
Itziar Garamendi Bizkaiko Herri Lan eta Garraioen foru diputatuak azpimarratu duenez, "Bizkaibuseko lantalde guztia subrogatu dute eta, horrenbestez, unea heltzen denean, enpresa honetan erretiroa hartu nahi duen orok egin ahalko du. Inork ez du lanpostua galduko", erantsi du. Foru Aldundiko arduradunek eta Bizkaibuseko sindikatuek bilera hasi dute 12:00etan, astelehenerako iragarrita dagoen greba mugagabea saihestu eta gatazka konpontzeko asmoz.
Bileraren atarian, negoziazioen berri emateko, Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio batzordean mintzatu da goizean Garamendi, berak hala eskatuta.
Foru diputatuak nabarmendu duenez, Foru Aldundiaren "gogoa argia da: greba bidegabe hau bukatzea", eta, helburu horrekin, sindikatuekin "nekatu arte" hitz egingo dutela azpimarratu du.
Astearteko batzarrean Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proposamena zertan zen azaldu du Garamendik. "2013ko urriaren 4an zeuden lanpostuen kopurua mantentzeko, autobus-linea eta zerbitzuak ezartzeko prest agertu ginen, baina, zoritxarrez, langileek ez zuten proposamena onartu".
Bederatzigarren greba-eguna
Aldundiarekin egin beharreko bileraren atarian, manifestazioa egin dute Bizkaibuseko langileek Bilboko kaleetatik. Fernando Rincon LSB-USO sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, "badakigu lantalde osoa subrogatuko dutela, baina langile askok ez dute beharrik izango".
Hala, Aldundiak "kolokan dauden 300 lanpostuak" finko egiteko eskariari men egitea espero dute sindikatuek, Rinconen hitzetan.
2013ko urriaren 4an Aldundiak, garraio-enpresek eta sindikatuek izenpetu zuten akordioa errespetatzea galdegingo dute beste behin Bizkaibuseko beharginek. Dokumentu hartan orain galtzeko zorian dauden lanpostu horiek blindatu ziren.
LSB-USO sindikatuko bozeramailearen ustez, "greba eredugarria izan da, eta, eragozpen bakanen bat kenduta, gutxieneko zerbitzuak ehuneko ehunean bete dira".