Ekonomia -
Estres testa
Bankuek inoiz baino hobeto prestatuta egin dute azterketa
Igande honetan ezagutuko dira Europako 128 finantza erakunderi egindako estres testen emaitzak.
Erredakzioa
Igande honetan jakinaraziko dira Europako Banku Zentralak eta Europako Banku Agintaritzak Europako 128 finantza erakunderi egindako estres testen emaitzak. Espainiako eta Euskal Herriko bankuek inoiz baino hobeto prestatuta aurre egin diote azterketari, adituen arabera.
Kutxabankek Espainiako notarik onena lortu omen du bankuen estres probetan, Efe albiste agentziak kontsultatutako iturri finantzarioen arabera. Dena den, behin betiko emaitzak igandean ezagutaraziko dira.
Azaroaren 4tik aurrera Europako Banku Zentralaren gainbegirapean egongo diren, 30.000 milioi euro baino gehiagoko aktiboak dituzten eta jatorrizko herrialdearen barne produktu gordinaren % 20 suposatzen duten bankuak aztertu dituzte. Espainian hauek izan dira aztertutako bankuak: BBVA, Sabadell, Popular, Santander, Bankinter, Ibercaja, La Caixa, Grupo Cajamar, Kutxabank eta Unicaja.
Bestalde, Egonkortasun Mekanismo Europarretik laguntzak jaso dituzten bankuak ere ikertu dituzte, hala nola, Bankia, Catalunya Banc, BMN, Liberbank eta Novacaixagalicia (orain Abanca).
Europako Banku Zentralak bankuen kaudimena, etorkizuneko krisiei aurre egiteko gaitasuna eta aktiboen kalitatea aztertu ditu.
Horretarako, Europako Banku Zentralak aztertutako bankuek emandako kredituak, inbertsio karterak eta eta kartera komertzialak, herrialdeko zorrarekiko duen esposizioa eta diru-sarrerak eta irabaziak izateko gaitasuna.
Test proba gainditzen ez duten bankuek bi asteko epea izango dute eskatutako baldintzak betetzeko estrategia Europako Banku Zentralari bidaltzeko.