Ekonomia -

Onura fiskalak enpresei

Luxenburgok legez kanpoko laguntzak eman zituen ikertuko du Bruselak

Hainbat egunkaritan argitaratutako informazioaren arabera, enpresa handiek beren irabazien zati bat Luxenburgora desbideratzen dute, zerga baxuagoen truke.

Xabier Bettel Luxenburgoko lehen ministroa, eskuinetik hasita lehenengoa. Argazkia: EFE
Xabier Bettel Luxenburgoko lehen ministroa, eskuinetik hasita lehenengoa. Argazkia: EFE
Xabier Bettel Luxenburgoko lehen ministroa, eskuinetik hasita lehenengoa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luxenburgoko Gobernuak hainbat multinazionalekin sinatutako onura fiskalak legezkoak dira, Xabier Bettel Luxenburgoko lehen ministroaren ustez. Horren esanetan, akordio horiek Luxenburgoko eta nazioarteko legedia errespetatzen dute.

Hainbat egunkaritan argitaratutako informazioaren arabera, Luxenburgok akordio fiskalak sinatu ditu 340 enpresarekin, eta horien artean daude, besteak beste, Pepsi, Ikea, Procter & Gamble, Burberry, Heinz, JP Morgan, Fiat eta Amazon. Horien esanetan, enpresa handiek beren irabazien zati bat Luxenburgora desbideratzen dute, zerga baxuagoen truke. Luxenburgoko lehen ministroak, ordea, neurri horiek legezkoak direla azpimarratu du.

"Luxenburgon egiten diren akordio fiskalek bertako eta nazioarteko arauak errespetatzen dituzte", esan du Luxenburgoko lehen ministroak. "Gobernu hau ekitate fiskalaren eta gardentasunaren bidean dago", nabarmendu du.

Luxenburgoz zabaltzen ari den irudia ez duela gustuko onartu du, baina "Gobernuak egindako ahalegina bide onetik doala erakutsi behar dugu", erantsi du.

Europako Batzordeko Presidentetzaz jabetu eta bost egunera, "LuxLeaks" auzia lehertu zaio Jean Claude Junckerri, bera baitzen Luxenburgoko lehen ministroa balizko laguntza irregular hauek eman zituzten garaian.

Auzia Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Elkarteak (ICIJ) azaleratu du. Horren ikerketaren arabera, enpresen eta Luxenburgoko Gobernuaren arteko akordio sekretuaren ondorioz, multinazionalek zerga gutxiago ordaintzen zituzten.

Margarethe Vestager Lehia komisarioaren esanetan, Joaquin Almunia komisario ohiak bi ikerketa abiat zituen Luxenburgoren aurka, Fiati eta Amazoni legez kanpoko laguntza publikoak eman zizkielakoan.

Europako Parlamentuan, talde sozialistak, liberalak eta ezkerrak azalpenak eskatu dizkiote Junckerri. Lehen bi taldeek horren izendapenaren alde bozkatu zuten, eta hirugarrenak, aldiz, aurka.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea