Ekonomia -
Lan-gatazka
Astebeteko greba hasi dute Radio Euskadiko langileek
Zuzendaritzak abian jarritako lan-eskaintza publikoa geldiarazi nahi du ESK sindikatuak protesta honekin.
Erredakzioa
ESK sindikatuak deituta, Radio Euskadiko langileek astebeteko grebaren lehen eguna dute gaur.
EiTBko irratietarako martxan dagoen lan-deialdi publikoa geldiarazi nahi du ESK-k protesta honekin. Agiri batean salatu duenez, oposaketak deituta, Gizarte Segurantzak erregularizatu zituen 79 langile kaleratu eta 30 lanpostu amortizatuko dituzte.
Zuzendaritzak, berriz, ezohiko kontratu mota bat erregularizatu nahi duela erantzun du; finkoak ez diren kontratu mugagabeen langileena, hain zuzen ere. Gizarte Segurantzak 2010ean laboral bihurtu zituen, EiTBren sorrera legearen arauen kontra.
ESK izan da protesta deitu duen sindikatu bakarra, eta Eusko Irratiko langile batzordeak ez dio babesik eman, zuzendaritzak ohar batean goraipatu duenez.
"Enplegu publikoko deialdiak euskal irrati publikoaren, zehazki, eta EiTB Taldearen, oro har, jasangarritasuna bermatu nahi du, euskal gizarteak eskatzen duen zerbitzu publikoa emanez", gaineratu dute zuzendaritzatik.