Ekonomia -
Fagor Etxetresnak
Eskoriatzako lantegian lapikoak ekoizten hasi da Cata
Garagartzako ekoizpena hurrengo astean abiatuko dute, astelehenean edo asteartean segur aski.
Erredakzioa
Cata, Fagor Etxetresnaken aktiboak erosi dituen konpainia kataluniarra, Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegian lapikoak ekoizten hasi da gaur, baina "abiadura motelean".
Lehen jardunaldi honetan "langile gutxi" ari dira, "berriak" gehienak, eta, horrenbestez, pakete txikiak ekoizten ari dira.
Langile horiek 155 kontratazio egiteko planetik datoz. Gehienak Fagor Etxetresnakeko bazkide beteranoak dira, sektorean eskarmentu handia dutenak.
Catatik azaldu dutenez, hurrengo astean, astelehenean edo asteartean segur aski, abiatuko dute Garagartzako ekoizpena.
Konpainia kataluniarrak 38,5 milioi euroren truke erosi zituen Fagor Etxetresnaken aktiboak, eta beste 4 milioi ordaindu zituen horren kredituak ere bereganatzeko.