Ekonomia -
Europako Batzordearen txostena
Brusela: 'Soldaten jaitsiera bidegabea eta geldoa izan da Espainian'
Bestalde, aldi baterako kontratuen eta mugagabeen arteko desberdintasunak murrizteko lan erreforma bat eskatu dio berriz Europako Batzordeak Mariano Rajoyren Gobernuari.
Erredakzioa
Espainian krisian zehar gertatu den soldaten jaitsiera “geldoa eta bidegabea” izan dela salatu du Europako Batzordeak gaur; izan ere, aldi baterako langileei kalte egin die bereziki. Soldaten murrizketak “eraginkortasunik izan ez” duela gaineratu du.
Horrela, aldi baterako kontratuen eta mugagabeen arteko desberdintasunak murrizteko lan erreforma bat eskatu dio berriz Europako Batzordeak Mariano Rajoyren Gobernuari.
2008tik 2013ra bitartean, krisi ekonomikoak ia 3,5 milioi lanpostu deuseztatu ditu. Horrela, enpleguak % 16 behera egin du. Gainera, soldatek % 4,5 behera egin dute, Batzordeko Gai Ekonomikoetarako departamentuak egindako txosten baten arabera.
Hala ere, aldi baterako langileen eta mugagabeen artean jaitsiera ezberdina izan dela ohartarazi du Europako Exekutiboak. Horrela, “aldi baterako langileen kasuan jaitsiera hiru aldiz handiagoa izan da, mugagabeekin alderatuta”, azaldu du txostenak.