Ekonomia -
EAE-KO EKONOMIAREN DATUAK
Urkullu: 'Motela bada ere, susperraldia ziurra dela esan dezakegu'
Jaurlaritzaren “xede nagusia” enplegua sortzea dela eta, horretarako, “egonkortasun ekonomikoa” bermatzea gakoetako bat izango dela adierazi du Urkulluk.
Erredakzioa
27 hilabetez atzeraldian izan ondoren, irailean bederatzigarren hilabetez jarraian hazi da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur gogoratu duenez. “Datozen 15 hilabeteetan ere hazkundea izango dela uste dugu eta, hortaz, susperraldia, motela bada ere, ziurra dela esan dezakegu”, adierazi du.
Eroskiren plataforma logistikoa inauguratzeko ekitaldian, Urkulluk esan du EAEko ekonomia goraka doala eta kontratazioak ere hazi egin direla.
Urteko azken hiruhilekoan, mundu mailan merkataritzak % 0,8 gora egitea espero dute adituek. Euskadin, Urkulluren hitzetan, “zailtasun guztien gainetik” eta “zorroztasunez”, sendoketa fiskalaren proba “gainditzen ari gara”.
Jaurlaritzaren “xede nagusia” enplegua sortzea dela eta, horretarako, “egonkortasun ekonomikoa lortzea” gakoetako bat izango dela azaldu du Urkulluk.
“Egonkortasunak ziurgabetasuna gutxitzen du, kreditua izateko aukerak handitu eta kontsumo pribatuan gastua suspertzen du: kontsumoaren inguruko erabakiak ez atzeratzea dakar, azken finean”, azpimarratu du.