Itxi

Ekonomia

SEA

Arabako patronalak enplegua sortzeko neurriak eskatu ditu

Erredakzioa

"Argia ikusten" hasi direla esan du SEAk, baina ekonomiaren hazkundea ez dela oraindik indartsua izan ohartarazi du.

  • Juan Ugarte SEAko idazkari nagusia. EiTB

    Juan Ugarte SEAko idazkari nagusia. EiTB

Juan Ugarte SEA Arabako patronaleko idazkari nagusiak lurraldeko ekonomiarentzat "une garrantzitsua" dela adierazi du. Horren ildotik, "argia ikusten hasi" badira ere, enplegua sortzeko neurriak abiatzea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Ugartek Arabako enpresen egoerari buruzko udazkeneko barometroa aurkeztu du gaur, Aitor Otaola SEAko zuzendariordearekin batera.

Barometro horren arabera, egungo egoera aurreko hilabeteetakoa baino "hobea" da, baina Arabako enpresen % 25 oraindik ere atzeraldiaren ondorioak pairatzen ari dira.

"Argazkia hobea da, baina Arabako ekonomiak ez du hazkunde indartsua izan oraindik, eta enpresek ez dute uste hurrengo hilabeteetan gertatuko denik", gaineratu du Ugartek.

Horren esanetan, enpresen % 90ek enplegu maila eustearen alde egingo dute, eta % 82k inbertsioa mantendu edo handituko dute.

Arabako patronalak 2015. Aurrekontuetan ekonomia sustatzeko neurriak gaineratzea eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei, eta enpresei zergak murrizteko deia egin du.

Halaber, CCOOri eta UGTri akordioak lortzeko deia egin die. Izan ere, ELAk eta LABek "negoziatzeko borondaterik" ez dutela salatu du.

Arabako enpresen % 49k iaz baino emaitza hobeak lortzea espero dute aurten, eta horien kezka nagusiak Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta bezeroek ez ordaintzea dira.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena