Ekonomia -
Mobilizazioak
Grebarekin bat egiteko deia egin dute Osakidetzako sindikatuek
Gaur 22:00etan hasiko da 24 orduko lanuztea Osakidetzan. Greba honekin, ekainean hasitako mobilizazio sortari amaiera emango diote langileek.
Erredakzioa
SATSE, ELA, LAB, SME, FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzan 24 orduko lanuztea deitu dute gaurko 22:00etan hasita. Osasun zentroetako langileei grebarekin bat egiteko deia egin diete sindikatuek. Lanuzteaz gain, EAEko hiru hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte.
Osakidetzak greba egunerako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute sindikatuek. Gaurko grebarekin, ekainean hasitako mobilizazio sortari amaiera emango diote langileek. Galdutako enplegua berreskuratzearen alde ari dira mobilizatzen.
Azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an egin zituzten lanuzteak Osakidetzako zentroetan. Sindikatuen aburuz, galdutako enplegua berreskuratzea eta lan-karga jaistea dira euren helburuak. Negoziatzeko borondatea agertu dute.
Jon Darpon Osasun sailburuak esan du greba orokor hau ez dagoela justifikatuta, eta krisi garaiotan "ahalegina" eskatu die sindikatuei. Akordiorako borondaterik ez izatea egotzi die Darponek sindikatuei.