Ekonomia -
MCC-ren kongresua
MCCk hausnarketa prozesuaren ondorioak aurkeztuko ditu astelehenean
Javier Sotil Mondragon taldeko presidente berriak 'Etorkizuneko Mondragon' izeneko dokumentua azalduko du taldeko 650 konpromisarioen aurrean.
Erredakzioa
Mondragon Taldeak (MCC) organo korporatiboek egindako lehen hausnarketa prozesuaren ondorioak aurkeztuko ditu, astelehen honetan, Kursaal Jauregian egingo duen kongresuan. Bederatzi hilabetez hausnartzen egon ondoren, Javier Sotil Mondragon Taldeko presidente izendatu berriak "Etorkizuneko Mondragon" izeneko dokumentua azalduko du.
Mondragon Taldeko kooperatiba guztietako 650 konpromisarioak bertaratuko dira 2014ko kongresura eta bertan etorkizunera begira dituen asmoak azalduko ditu taldeak. MCCk "elkartasun zorrotza" izeneko mekanismo bat martxan jarriko du etorkizunean zailtasunak pasatzen ari diren taldeko kooperatibei laguntzeko, egoera zail horiek eraldatzeko eta, horrela, elkartasun funtsetik jasotako laguntzak ez betikotzeko.
Krisian dauden kooperatiben aurrean jokatzeko modu berri hori Fagor Etxetresnak kooperatibaren kasuaren ondotik etorri da; izan ere, Mondrago Taldeak 300 milioi euroko laguntza eman zion Arrasateko kooperatibari, baina azkenean desegin egin zen.
"Elkartasun zorrotza"k beste hainbat jokabide ere aurreikusten ditu; besteak beste, arazoari aurre hartzeko mekanismoak martxan jartzea eta Mondragon Taldeko sail ezberdinek egoera horiek bideratzeko tresnak identifikatzen laguntzea, arazoak dituen kooperatibarekin elkarlanean.
Asteleheneko kongresuarekin amaituko da Mondragon Taldeak abiatutako hausnarketa prozesuaren lehen fasea. Ondoren, eztabaida fasea zabalduko da kooperatibetan eta bazkide guztiek parte hartzeko aukera izango dute.
Eskuratu eta Ordaindu elkarteek kontzentrazioa egingo dute
Eskuratu eta Ordaindu elkarteek kontzentrazioa egingo dute Donostiako Kursaal Jauregiaren aurrean beren arazoei konponbide bat eskatzeko.
Eskuratu elkarteak Fagor Etxetresnak kooperatibari diru ekarpenak egin zizkioten 331 kaltedunen interesak defendatzen ditu. Merkataritzako maileguak eta borondatezko ekarpenak kontuan hartuta, kaltedunek 13 milioi euroko ekarpenak egin zizkioten Fagor Etxetresnaki. Bestalde, Ordaindu elkartean bildutako 770 lagunek 40 milioi euroko ekarpena egin zuten.