Ekonomia -
Kontratazioak
Lan-poltsekin itxaropen faltsuak sortzea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari
Sindikatuak ohartarazi du lan-poltsa horien erabilera ‘’azalekoa’’ dela, eta ‘’hauteskunde kanpaina’’ egiteko erabiltzen duela Jaurlaritzak langabeen eta baldintza kaxkarrak dituzten langileen egoera.
Erredakzioa
Administrazio orokorrean bederatzi lan-poltsa iragarrita, langabeengan eta baldintza kaxkarrak dituzten langileengan itxaropen faltsuak sortzea leporatu dio ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuak ohartarazi duenez, lan-poltsa horien erabilera ‘’azalekoa’’ da.
Igandean deialdia kaleratu aurretik, Andres Zearreta Funtzio Publikoaren sailburuordeak ‘’behin eta berriz iragarri zituen lan-poltsak komunikabideetan, jaurlaritzak lanpostu berriak sortuko zituela sinestarazita’’, ELAk salatu duenez.
‘’Ez da egia. Jaurlaritzak lanpostuak suntsitzen jarraitzen du, zehazki 250 lanpostu administrazio orokorrean azken urteotan; eta ez dute berri bat bera ere sortzen. Lan-poltsa hauek unean-uneko beharrak asetzeko, erretiroa hartu dutenen lanpostuak betetzeko edo titularrak utzitako lanpostua betetzeko baino ez dira erabiltzen’’, adierazi du.
Hala, ELAk salatu du ‘’hauteskunde kanpaina’’ egiteko erabiltzen duela Jaurlaritzak langabeen eta baldintza kaxkarrak dituzten langileen egoera.