Ekonomia -
Metroaren 3. linea
Zazpikaleetako geltokia, Sacyr, Cavosa eta Altuna y Uria enpresen esku
Euskal Trenbide Sareak 8,5 milioi euro emango dizkie eraikuntza-enpresa horiei geltokia 17 hilabetean eraikitzeko.
Erredakzioa
Euskal Trenbide Sareak (ETS), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren menpe dagoen erakunde publikoak, Sacyr, Cavosa eta Altuna y Uria eraikuntza-enpresen esku utzi du Bilboko Metroko 3. Lineako Zazpikaleetako geltoki berria egiteko lana. Horretarako, 17 hilabete eta 8.527.218 euro (BEZa kontuan hartu gabe) izango dituzte.
Zazpikaleetako geltokia Bilboko Metroaren bihotza izango da, bertan 1. eta 2. lineak, tranbia eta Euskotrenen Txorierriko linea batzeko geltoki intermodala egingo baitute.
Euskotrenek kudeatuko duen lineak Etxebarri eta Matiko lotuko ditu (7'5 minutuan behin tren bat izango da) eta 70.000 herritarri emango die zerbitzua, ETSk ohar batean jakinarazi duenez.
Metroaren hirugarren lineak 5.885 metro izango ditu luze, eta zazpi geltoki: Etxebarri, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpikaleak, Uribarri eta Matiko. Norman Foster arkitektoak Metroko 1. eta 2. lineei emandako itxura bera izango dute geltokiok.
Bilbo iparraldeko auzoei eskainiko die zerbitzua linea berriak, baina Bermeotik edo Eibarretik datozen bidaiariei ere emango die Bilbo erdigunera joateko aukera, eta Txorierritik datozenei ere beste tren-lotura bat eskainiko die, egun eraikitzen ari diren Artxandako tunela amaitutakoan.
Zazpikaleetako geltokia egiteko egungoa eraitsi behar dute, baina gaur egun duen banaketari eutsiko dio. Hala, 2016an geltoki berri amaitzen dutenean, hiru solairu izango ditu.